Literatur argitalpena
Euskaltzaindiak 'Erlea' aldizkariaren zazpigarren zenbakia aurkeztu du
Erredakzioa
'Oso ale trinkotzat' aurkeztu du Bernardo Atxaga zuzendariak Erlea aldizkariaren zenbaki berria. Erbestea du gai nagusi argitalpenak, eta 'Txiki'ren ama eta Sarrionaindia elkarrizketatu dituzte.
Erlea Bernardo Atxagaren zuzendaritzapean Euskaltzaindiak argitaratzen duen aldizkariaren zenbaki berria, zazpigarrena, aurkeztu dute gaur Bilbon, Akademiaren egoitzan. Besteak beste, erbestea eta loreak, hutsuneak eta antologiak dira zenbakiaren protagonista, eta, Atxagaren hitzetan, "oso ale trinkoa da".
Atxagak azaldu bezala, Erleak euskal idazleari, poetari, ilustratzaileari, argazkilariari eta abarri "zabaldu nahi dio leihoa, berdin hemen zein han".
Zazpigarren zenbakiak, ohi bezala, bi ardatz nagusi izan ditu. Atxagak azaldu duenez, alde batetik, "kanpotik etorri zirenen seme-alabekin hitz egin nahi genuen, eta batzuei eskatu nien lan bat, aldizkarian argitaratzeko".
Atxagak berak sinatzen duen "Objektuak" atala Antonia Manot 'Txiki'ren amari eskaini dio, eta hori, bere hitzetan, "oso atal berezia da". "Nire ustez, hemen egon zen momentu bat, bi komunitateak elkartzeko aukera izugarria eman zuena, eta hori Jon Paredes Manot 'Txiki' fusilatu zutenean izan zen. Elkarrizketak esanahi eta edertasun handia du", azaldu du.
Joseba Sarrionaindia idazlea ere elkarrizketatu dute zenbaki honetan.
Aldizkariaren zenbaki berrian, hauek parte hartu dute: Lorenzo Rojo, Karmele Jaio, Jon Benito, Jose Manuel Bujanda, Garbiñe Biurrun, Mari Romero, Alberto Barandiaran, Koldo Izagirre, Kepa Altonaga, Asun Garikano, Mikel Urdangarin, Kepa Altonaga, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Jacinto Iturbe, Lourdes Otaegi, Miguel Sanchez-Ostiz, Juan Ignacio Perez, Jabier Kaltzakorta, Luzien Etxezaharreta, Joxemari Iturralde, Iñaki Sarriugarte, Pepe Altair, Harkaitz Cano, Xabier Elorriaga eta Joseba Luzuriaga.