Gasteiz
Ehunka pertsonak bisitatu dute Santa Maria katedrala, aldamiorik gabe
Erredakzioa
Ate irekien eguna ospatu dute gaur Gasteizko tenpluan, eta hamahiru urtean lehen aldiz, bisitariek ez dute aldamiorik eta errefortzurik ikusi.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gasteizko Santa Maria katedralean ate irekien eguna ospatu dute gaur, eta ehunka pertsona gerturatu dira tenplua hamahiru urtean lehen aldiz aldamiorik gabe ikustera.
XIV. mendean eraiki zuten Santa Maria katedrala, baina duela ia hogei urte kultuari itxi zioten, egitura arazo larriak baitzituen zimenduetatik hasi eta dorrearen zatirik altueneraino. 2000. urtean hasi ziren zaharberritze lanak.
Duela hamahiru urte, katedralaren barruan egitura metaliko ugari eraiki zituzten, aldamio horien bitartez, bisita gidatuak egin ahal izateko. Horrek Santa Mariara hainbat bisitari erakarri ditu urte luzez.
Gaurko ate irekien egunean, nabeetara sartzeko aukera dute bisitariek, aldamioak kendu, presbiterioa leundu eta zoruan linazi-olioa aplikatu ostean.
Estreinaldi arrakastatsua
Zaharberritze lanez arduratzen den Santa Maria Katedrala Fundazioko iturrien arabera, aurreikuspen guztiak gainditu ditu ate irekien egunak. Goizean sortutako jende-ilara luzeen ondorioz, zehaztutakoa baino ordu erdi lehenago ireki behar izan dituzte ateak.
Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburua ere bertan izan da, Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari Juan Ignacio Lasagabasterrekin batera.
Katedrala kultuari zabaltzeko, beste hilabete batzuk beharko dira, baina 2014an lanak amaitzea espero da. Oraindik ere konpondu beharreko hainbat pitzadura daude, eta pasatu den mendeko harrizko aldare nagusia instalatzea falta da.
Ospe mundiala
Gasteiz hiria sortu zen herrixka zaharraren punturik altuenean eraiki zuten katedrala, eliza erromaniko baten gainean. Hainbatetan saiatu izan dira tenplua zaharberritzen, baina sekula ez dute lortu.
Obra horiek famatuak egin dira mundu osoan, Ken Follet idazleari esker neurri haundi batean. Izan ere, Gasteizko katedralean oinarrituta idatzi zuen Amaierarik gabeko mundua eleberria.
Gainera, hainbat sari garrantzitsu jaso ditu tenpluak, besteak beste, Europako ondare kulturalaren kontserbazioa eta hobekuntza onenari ematen zaion Europa Nostra golardoa.