Bigarren urteurrena
Bi urte Txillardegi gabe
Erredakzioa
Astearte honetan bi urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' hil zela. Arrasto handia utzi zuen euskal hizkuntzalaritzan, literaturan eta politikan.
2012ko urtarrilaren 14an hil zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, duela bi urte. Hizkuntzalaritza, literatura eta politika izan ziren bere bizitzako hiru ardatz nagusiak.
1929ko irailaren 27an jaio zen, Donostian. Ingeniaritza ikasi zuen, Bilbon, eta Hizkuntzalaritza, Parisen. 1982tik aurrera, irakasle ardurak bete zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Gainera, EHUko katedradun izendatu zuten.
Euskara batuaren sorreraren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, eta euskal azentuari buruzko aditu handienetako bat izan zen (horixe izan zen bere doktoretza tesiaren gaia). Lan ugari egin zuen euskal hizkuntzalaritzari lotuta. Batzuk soilik aipatzearren: Euskara batua zertan den (1974), Euskal gramatika (1978), Euskal azentuaz (1984) eta Elebidun gizartearen azterketa matematikoa (1984).
Euskaltzaindiak hark ortografian eta morfologian landutako oinarrizko arau batzuen proposamenak onartu zituen, eta, 1957an, euskaltzain urgazle izendatu zuten. Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kide izan zen 1993an sortu zenetik.
Literaturan ere arrasto nabarmena utzi zuen. Erabateko berrikuntza ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua (1957) lanarekin, tradizioko pertsonaia lau arketipikoen aurrean euskal literaturako lehen pertsonaia gatazkatsua sartuta; kezka existentzialistak agertzen zituen Leturia protagonistak lan horretan, euskal literaturan lehenengoz. Bereak dira, besteak beste, Peru Leartzako (1960), Haizeaz bestaldetik (1979) eta Putzu (1999) eleberriak, eta Huntaz eta hartaz (1965), Hizkuntza eta pentsakera (1972) eta Euskal Herria helburu (1994) saiakerak.
Militantzia politikoa izan zen Txillardegiren beste ezaugarrietako bat. Bere ibilbide politikoa Euzko Alderdi Jeltzalean hasi zuen arren, 1959an beste gazte abertzale batzuekin bildu zen, eta Euskadi Ta Askatasuna (ETA) sortu zuten. 1961ean herrialdetik ihes egin zuen, eta Parisen eta Bruselan ezkutatu zen.
1967an borroka armatua utzi zuen, eta, erbestetik bueltan, ESB (Euskal Sozialista Biltzarrea) alderdia sortu zuen, Iñaki Aldekoarekin. Gainera, Euskal Herrian Euskaraz mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. Ondoren, Herri Batasunaren senataria eta Aralar alderdiko kidea izan ostean, 2008an, Eusko Abertzale Ekintzaren (EAE) Senaturako hautagaia izan zen.