Itxi

Euskadiko Artxibo Historikoa

Memoriaren gordailu bateratua zabalik da Bilbon

Erredakzioa

Euskadiko Artxibo Historikoa inauguratu dute gaur Bilbon, gerra garaiko eta erbesteko Jaurlaritzaren agiriak eta partikularren dokumentuak toki bakar batean gordetzeko eraikina.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Herriaren memoria zatiak, paperezko altxorrak, sailkatuta eta digitalizatuta gordetzen ditu, eraikin bateratu eta bakarrean, Euskadiko Artxibo Historikoak gaurtik aurrera Bilbon, Maria Diaz de Haro kaleko hirugarrenean.

Kilometro bete kaxa daude eraikinean, denetariko dokumentuz beteta: lehen Jaurlaritzako kideen arteko eskutitzak, txostenak, herritarren dokumentuak ere...

Bergaratik Bilbora eraman dute artxiboa, eta bertako dokumentu originalik zaharrena 1297ko herentzia bat da. Gipuzkoako familia batek ganbara batean gordeta izan du, eta denon eskura jarri du orain.

Dokumentuen ispiluari begira, euskal gizartearen bilakaera ikus daiteke Bilbon orain, Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan.

Urkullu: 'Artxiboak iraganeko akatsak ez errepikatzeko balioko du'

Euskadiko Artxibo Historikoa, "Euskadiko kultur ondarea gordetzeko eta zabaltzeko eraikina", ostegun honetan inauguratu dute Bilbon. Iñigo Urkullu lehendakariak zabaltze ekitaldian esan duenez, "espazio irekia da Artxiboa, eta izan garenaren kontaera ulergarria egiten laguntzea da haren helburua, gaur egun eta etorkizunean zer egin behar dugun jakin dezagun".

"Gaur egun hitzetik hortzera dabil memoriaren gaia, eta artxiboa, hain zuzen, memoriaren tokia da; orain memoria hori erreskatatu, ezagutu, ikertu eta zabaldu behar da", adierazi du.

Lehendakariaren ustez, "gertuko memoria honek galderak eragin diezazkiguke, eta hobeak izaten, iraganeko akatsak ez errepikatzen, lagun diezaguke". Horren ildotik, "ametsetako lekua" dela adierazi du, eta urte asko barru milaka dokumentu hauek "etorkizun hobe baten bila herri honen historia ezagutzen jarraitu nahi dutenentzat" baliagarriak izateko desioa zabaldu du.

Bideoak (1)