Itxi

Grammy sariak

Grammyak Daft Punken 'Get Lucky' abestiaren erritmora banatu dira

Doinu elektronikoak lantzen dituen bikotea nagusitu da Paul McCartney eta Ringo Starr 'Queeenie Eye' abestia elkarrekin jotzera taularatu diren sari banaketan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Musika elektronikoa egiten duen Daft Punk talde frantziarra gailendu da Los Angelesen banatu diren Grammy sarien 56. edizioan. 4 sari irabazi dituzte; urteko disko onena (Random Acces Memories) eta urteko abestirik onena ('Get Lucky') saritzekoak. Musika elektronikoko diskorik onena (Random Acces Memories) eta pop estiloko talde baten emanaldi onena ('Get Lucky') saritzen zituztenak ere jaso dituzte.

Los Angeleseko Staples Center kirol-aretoko agertokian entzun ahal izan dira abesti horren akordeak. Izan ere, Daft Punkeko kideak Pharrell Williams eta Stevie Wonderrekin batera igo dira taula gainera kantua zuzenean eskaintzera. Jendartean zeuden Yoko Ono, Beyonce edo Steven Tyler, besteak beste, dantzan jarri dituzte.

Random Acces Memories diskoak, gainera, ekoizpen onenaren saria ere eskuratu du, baina garaikurra diskoa ekoitzi zuten soinu-ingeniarien eskuetara joan da.

Daft Punkeko kideak, soinean robotetan oinarritutako janzkera ohikoa zeramatela, ez dute hitzerdirik egin saria dela eta eskerrak emateko roduan, eta Pharrel Williamsek hitz egin du haien ordez, "Get Lucky" kantuan abesten duen artistak.

Williamsek berak lau saria irabazi ditu, Daft Punkekin batera egindako lanagatik hiru, eta beste bat ekoizlerik onenaren atalean.

Macklemore & Ryan Lewis hip hop bikoteak artista berri onenaren saria jaso du, eta Daft Punkek erdietsitakoaren tamainako arrakasta izan du, baina raparen arloan.

The Heist beraien diskoa rap lanik onena izan da, eta "Thrift Shop" bertako kantua urteko abestirik onena. Rap emanaldi onenaren saria ere irabazi du bikoteak.

Macklemore & Ryan Lewis bikotea izan zen, Madonnarekin batera, gainera, ekitaldiko une hunkigarrienaren protagonista: "Same Love" kantu arrakastatsua jo zuten Staples Centerren, sexu bereko bikotekidez osatutako 33 bikote ezkontzen ziren bitartean.

"Same Love"k ez zuen abesti onenaren saria eskuratu, faboritoetakoa bazen ere; Lordek eraman zuen goraipamen hori, "Royals" kantuari esker.

Halaber, Lordek bakarkako pop emanaldirik onenaren saria irabazi zuen kantu horregatik beragatik. Hiru ordu eta erdiko zeremonian, 21 emanaldi izan ziren, eta 82 sarietatik 10 eman zituzten. Gainerakoak, aurretik iragarri zituzten, Interenet bidez eskainitako zeremonia batean.

Paul McCartney eta Ringo Starr, bizirik dauden beatle-ak, batera aritu ziren berriz, eszenatokian "Queenie Eye" jotzen, Pinkek akrobaziak egin zituen, "Try"ren eta "Just Give me a Reason"en erritmoan, eta Beyoncek eta Jay-Z senarrak gala abiarazi zuten "Dunk in Love" kantua interpretatuz.

Irabazleen zerrendan, beste asko ageri dira Led Zeppelin (rock diskorik onena: Celebration Day), Vampire Weekend (musika alternatiboko diskorik onena: Modern Vampires Of The City) Alicia Keys (R&B diskorik onena: Girls on Fire) eta Ziggy Marley (reggae diskorik onena: Ziggy Marley In Concert).

Taylor Swiftek country diskorik onenaren gramofonoa galdu zuen, Kacey Musgravesek irabazi baitzuen, Same Trailer Different Park diskoari esker. Gainera, estilo horretako kanturik onenaren saria ere irabazi zuen Musgravesek "Merry Go 'Round" kantua dela eta.

Bruno Marsek ahostun popeko diskorik onena egin du aurten, Grammyen arabera: Unorthodox Jukebox,

Granmmy sarietako irabazle nagusiak:

Urteko grabazioarik onena: "Get Lucky" (Daft Punk)

Urteko diskorik onena: Random Access Memories (Daft Punk)

Urteko abestirik onena: "Royals" (Lorde)

Artista berri onena: Macklemore & Ryan Lewis

Bakarkako pop emanaldirik onena: "Royals" (Lorde)

Bikote edo talde baten pop emanaldirik onena: "Get Lucky" (Daft Punk)

Ahostun popeko diskorik onena: Unorthodox Jukebox (Bruno Mars)

Musika elektronikoko edo danceko diskorik onena: Random Access Memories (Daft Punk)

Rock emanaldirik onena: "Radioactive" (Imagine Dragons)

Rock kanturik onena: "Cut Me Some Slack" (Paul McCartney, Dave Grohl, Krist Novoselic eta Pat Smears)

Rock diskorik onena: Celebration Day (Led Zeppelin)

Musika alternatiboko diskorik onena: "Modern Vampires of the City" (Vampire Weekend)

R&B kanturik onena: "Pusher Love Girl" (James Fauntleroy, Jerome Harmon, Timothy Mosley eta Justin Timberlake)

Hiri musika garaikideko diskorik onena: Unapologetic (Rihanna)

R&B diskorik onena: Girl on Fire (Alicia Keys)

Rap emanaldirik onena: "Thrift Shop" (Macklemore & Ryan Lewis)

Rap kanturik onena: "Thrift Shop" (Ben Haggerty & Ryan Lewis)

Rap diskorik onena: The Heist (Macklemore & Ryan Lewis)

Country kanturik onena: "Merry Go' Round" (Kacey Musgraves, Shane McAnally eta Josh Osborne)

Country diskorik onena: Same Trailer Different Park (Kacey Musgraves)

Jazz latinoko diskorik onena: Song for Maura (Paquito D'Rivera y Trio Corrente)

Pop latinoko diskorik onena: Vida (Draco Rosa)

Hiri musikako, rockeko edo popeko disko latinorik onena: Treinta Días (La Santa Cecilia)

Musika tropikaleko disko latinorik onena: Pacific Mambo Orchestra (Pacific Mambo Orchestra)

Blues diskorik onena: Get Up! (Ben Harper eta Charlie Musselwhite)

Reggae diskorik onena: Ziggy Marley in Concert (Ziggy Marley)

Munduko musiken diskorik onena: Savor Flamenco (Gipsy Kings) eta Live: Singing for a Peace Around the World (Ladysmith Black Mambazo) -berdinduta-

Musika bideorik onena: "Suit & Tie" (Justin Timberlake eta Jay Z. Zuzendaria: David Fincher. Ekoizlea: Timory King)

Film musikalik onena: Live Kisses (Paul McCartney. Zuzendaria: Jonas Akerlund. Ekoizlea: Violaine Etienne, Aron Levine eta Scott Rodger).

 

Bideoak (1)

Galeriak (1)