Erakusketa
Kutxa Kultur Hiriko sortzaileak kaletik Kubo aretora pasatu dira
Erredakzioa
Ekainean eta irailean Kultur Kutxa Hiriaren zirkuituaren kariaz kalera atera ziren gipuzkoar sortzaileen lana erakutsiko dute Donostian igande honetara arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eskulturak, pinturak, argazkiak eta bideoinstalazioak paratu dituzte Kursaal jauregiko erakusketa gelan, eta modak eta musikak ere tartea izango dute ikusleen jakin-mina asetzeko.
2013ko bi asteburutan, Kutxa Kultur zirkuituaren ekimenez, 80 artista baino gehiago kalera irten ziren bi asteburutan sormena kaleko biziaren ardatz bihurtzeko eta "aurrekontu handiko azoken aurrean" gauzak "beste modu batera" egiteko. Orain, proiektu horretatik ateratako artelanak erakutsiko dituzte Kubo aretoan.
Gainera, musika ere izango da; Sergio Cruzado programatzailearen esanetan, "tartea egin diogu, asmorik ez bagenuen ere, gauza oso onak zeudelako". Halaber, Kutxa Kultur Hiriari eskainitako lau egunen ostean, otsail erdialdean, Francesc Català-Roca argazkilariaren erakusketa inauguratuko dutela iragarri dute Kubo aretoko arduradunek.
Musikarekin itzulita, asteartean Frank taldea izango da erakusketa abiatzeko arduraduna, eta ostiralean Elkano Browning Creamen txanda izango da. Aretoan, erakusketari giro abangoardista emateko, hainbat aldamio jarri dituzte.
Gipuzkoako moda-sortzaile berriek izango duten txokoa ez ezik (ELEA 2.0, Anuska Petruska, Letitare, Similia Similibus, Amaia Albes, MA, Hamahiru, Tytti Thusberg, LIE, Iraia Oiarzabal, Haizea, Numeronuev, Stuke eta Ali de Bali diseinatzaileen lana ikusgai dago), bi moda erakustaldi ere egingo dituzte, ostegunean eta larunbatean.