Itxi

Omenaldia

Euskaltzaindiak Karmele Rotaetxe omendu du

Erredakzioa

Iaz hil zen hizkuntzalaria, bizitza osoan morfologia eta sintaxia aztertzen gogor jardun eta gero. Omenaldian, euskaltzain urgazleak Rotaetxeren omenezko hilberri txostena irakurri dute.

Gaurko omenaldiaren une bat. Argazkia: Efe.

Karmele Rotaetxe hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina iaz hil zen, maiatzaren 2an, ibilbide luzean euskararen morfologia eta sintaxia sakonki aztertu eta gero. Europako hizkuntzen egoera ere aztertu zuen bere ibilbidean.

Gaur, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, omenaldia egin diote, eta euskaltzainek Rotaetxeren omenezko hilberri txostena irakurri dute.

Bilbon jaio zen Rotaetxe, 1932ko urtarrilaren 17an. Umea zela, eta Espainiako Gerraren ondorioz, familia Frantziara erbesteratu zen. 1967an, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Hamar urte geroago, 1977an, "Estudio estructural del euskera en Ondarroa" izeneko tesiari esker -Koldo Mitxelenak zuzendua- lortu zuen Doktoretza, Salamancako Unibertsitatean.

1977tik aurrera, euskara eskolak ematen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Gero, Leioako Kazetaritza Fakultatean lan egin zuen, euskara eskoletako koordinatzaile moduan. 1978an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea martxan jarri zen eta bertan jardun zuen Rotaetxek, Frantses eta Hizkuntzalaritza Sailaren arduradun gisa. 1986an, Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra eskuratu zuen.

2001. urteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua zen.

Ohorezko euskaltzaina, 2004an izendatua. Euskaltzaindiko Gramatika batzordekidea zen, martxan jarri zenetik. Bestalde, EGLU liburuetan parte hartu zuen hasieratik. Sustapen batzordeko aholkulari ere izan zen.

Albisteak (1)