Itxi

Artea

Christie's etxeak bertan behera utzi du Miroren 85 lanen enkantea

Erredakzioa

Enkante etxeak bertan behera utzi du, noiz arte zehaztu gabe, Portugalgo Estatuaren lanen enkantea, "lege mailako dudak" baitzeuden. Juan Grisen koadro bat 41 milioi euroan saldu zuten.

"Emakumeak eta txoriak" lana enkantean sartu behar zen. Argazkia: Efe.

Christie's Londresko enkante etxeak bertan behera utzi du azkenik Miroren 85 lanen enkantea. Asteartean hasi eta asteazkenean egin nahi zuten Portugalgo Estatuaren jabetzako lanen salerosketa.

Público Portugalgo egunkariaren arabera, enkanterik ez egiteko arrazoia aferak Portugalgo auzitegietan egindako bidea da, baina enkante etxea horretatik kanpo dagoela adierazi du.

Portugalgo auzitegi batek enkantea, "artista horren lanekin inoiz egin den handi eta izugarrienetakoa", 35 milioi euroan gauzatzeko baimena eman du, Christie's-en arabera, baina azkenean Miroren lanen enkantea ez egiteko erabakia hartu dute bertako arduradunek.

"Enkantea gelditzeko aginduak ez du epaileen oniritzirik jaso, baina, borroka honen eraginez sortu diren duda-mudak direla eta, ezin dugu sorta nahiko genukeen segurtasun maila gutxienekoarekin salerosi", esan dute ohar batean enkantea hasi behar zen ordua izan aurretxoan.

Portugalgo Fiskaltza Nagusiak salmenta behin-behinean bertan behera uztea eskatu zuen, bost diputatu sozialistak galdegindakoa aintzat hartuta; izan ere, ordezkari politiko horiek lanak herrialdetik ateratzeko lizentzietan irregulartasunak zeudela salatu zuten, frogak erakutsita.

Portugalgo Estatuak BNP bankua nazionalizatu zutenetik du koadroen jabetza. 2006an erosi zituen koadroak bankuak, baina bi urte geroago porrot egin zuen, finantza arloko hainbat eskandalu tartean.

Christie's etxearen arabera, 80 milioi eurokoa zen, 2008an, Miroren lanen balioa, baina egin behar zuten enkantean diru horren erdia bildu behar zen, eta horrek polemika latza sortu du Portugalen.

Alde horren aurrean, operazioaren aurkako diputatuek "Portugalgo ondare nazionala bidegabe ebasten" ari zirela salatu zuten.

"Nature morte à la nappe à correaux", Juan Grisena, 41 milioian

Nature morte à la nappe à correaux Juan Gris espainiarraren lana 41,4 milioi euroan saldu zen atzo Christie's-en. Inoiz pintore honen lan baten truke ordaindu den zenbatekorik handiena da hori.

1915ean margotu zuen madrildarrak olio margolana, eta 21,4 milioiko prezioan abiatu zen enkantea. Halere, oso agudo gainditu zuen ordura arteko bere lanik garestienak, Violon et guitare izenekoak, jarri zuen muga: 20,3 milioi euro.

Hala berean, enkante horretan, 19,9 milioi euro ordaindu zituzten Femme au costume turc dans un fauteuil Pablo Picassoren lanagatik.