Antzerkia
'Zazpi aldiz elur': Laboa gogoan, Atxagaren hitzen bitartez
Erredakzioa
Tanttaka Teatroa konpainiak Mikel Laboa zenaren inguruan eraikitako ikuskizun "hibridoa" du, musika, poesia eta antzerkia uztartzen dituena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bernardo Atxagaren hitz batzuetan oinarrituta ehundu dute "Zazpi aldiz elur" ikuskizuna. Bera "musikari hitza jarri diona" izan dela esan du Atxagak aurkezpenean, baina azken emaitza, taula gainean ikusiko dena, kide guztien arteko elkarlanetik sortu dela azpimarratu du idazleak. Abiapuntua, nolanahi den, Bernardo Atxagaren beraren testu bat izan da.
Zazpi ataletan banatutako ikuskizuna da "Zazpi aldiz elur", eta horietan guztietan agertzen dira Asteasuko idazlearen hitzak. Mikel Laboaren umorea, ausardia, kantuetan askotan agertzen diren txoriak... Horiek dira atal batzuetako gaiak.
"Omenaldi" hitza ez zuen erabili nahi izan Bernardo Atxagak aurkezpen prentsaurrekoan, "ikuskizun honek, omenaldia izan baino gehiago, Mikel Laboari buruzko irudi bat eskaini nahi duelako". "Musikaria ondo ezagutu zutenek berari buruz egindako irudia" da, musikaz, literaturaz eta antzerkiaz jantzia.
"Zazpi aldiz elur" Gasteizen (otsailak 12 eta 13), Donostian (hilak 15 eta 16), Lasarten (hilak 21), Leioan (hilak 22) eta Oñati (hilak 28) ikusi ahalko da.