Ahozkotasuna
Xabier Paya: 'Memoriak ahozko generoaren alerik behinenak gorde ditu'
Natxo Velez | eitb.com
Payak ahozko literatura "ikuspegi panoramiko eta poliedrikotik" aztertu du 'Ahozko Euskal Literaturaren Antologia' Etxepare Institutuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratutako lanean.
Xabier Paya bertsolari eta itzultzaileari "ahozko euskal literatura oparo eta askotarikoa" lan batean biltzeko erronka jo zion Etxepare Institutuak, eta mandatu horren emaitza da Ahozko Euskal Literaturaren Antologia. Getxoztarrak ahozko literatura amaigabearen bitxiak batu eta aletu ditu lan mardulean, zortzi generotan banatuta.
eitb.com idazlearekin egon da, lanaren inguruko batzuk zehatz diezazkigun. Hona galde-erantzunak:
Galdera bikoitz batekin hasiko naiz, lanaren nolakotasuna mugatzeko… Zein da irizpidea ahozko adierazpen bat literaturatzat hartzeko? Eta zein da literatura adierazpen bat ahozkotzat hartzeko irizpidea?
Etimologiaren zale direnek esango dute "ahozko" eta "literatura" ez direla enbor bereko ezpalak, bigarrenak "letra/litera" kontzeptua baitu sorburuan. Hango eta hemengo unibertsitateetan ibili direnek, ordea, esango dute hori dela "ahozko tradizioak", "ahozko folklorea" edo "herri literatura" izendatzeko binomioa, aurrekoei muzin eginda. Kontua da ahozko literatura ulertu beharra dagoela ahoz transmititu edo/eta belarriz jasotzen diren obra literarioek osatzen duten multzo gisa; kasu horretan, gainera, obra literarioa izango da literaturtasuna duen sorkaria, hau da, estilo edo erregistro bereizia duen pieza.
Behin antologiaren esparrua zehaztuta, nola banatu dituzu balekotzat, sartu beharrekotzat, hartutakoak?
Generoen bereizketan ez dut esfortzu handirik egin behar izan, Joxerra Garziaren proposamen batean oinarritu bainaiz. Dena dela, aldaketa batzuk egin dizkiot Garziaren sailkapenari, antologiaren dibulgazio asmoei eta benetako corpusari hobeto atxikitzeko asmoz.
Euskara idatziaren lehen erakusgarria, Linguae Vasconum Primitiae 1545ekoa da... Muga daiteke ahozko euskal literaturaren hastapena? Nora arte eraman zaitu ikerlanak?
Eiheralarreko Etxeparek idatzitako opera prima lehen aztarna idatzia da, baina ahozkotasunaren ikertzaile batek aise sumatuko lituzke ahozko sorkuntzaren zantzuak bertsoz eta olerkiz betetako orrialde horietan. Dena dela, galderari txintxo erantzuteko xedez, bi data zahar aipatzen ditut liburuan: euskal ahozko sorkari zaharrena Beotibarko guduari buruzko kantu baten zatitxo bat da, dexente beranduago jasoagatik, 1321eko irailaren 19an gertatuko guduari buruzkoa dena. Bigarren data azken hitzean aipatzen dut, non azaltzen dudan homo sapiensaren existentzia aroa urte batera mugatuko bagenu, idatziaren aztarnarik zaharrena azaroaren 22koa izango zitekeela, K. a. 8000. urtekoa. Hortik ondoriozta daiteke, behin-behinean, haizeak eramandako kontakizun eta kantuak zenbat izan daitezkeen.
Euskara idatziaren "monopolioa" gizarte maila goreneko kideentzat izan zen hastapenetan, elizgizonentzat (elizkoiak eta gizonak, biak ere ezaugarri bereizleak): Etxepare, Leizarraga, Etxeberri Ziburukoa, Axular... Ahozko literatura, ostera, herritar xeheekin lotu ohi dugu. Zer alde tematiko orokor dago bataren eta bestearen artean?
Zirikatzaile jarrita, bada esamolde ez oso jator bat egoki dena kasu honetan: "paperak edozer gauza aguantatzen du". Memoriak, ordea, ahozko generoen gordailu gotorrak, alerik behinenak eta bikainenak baino ez ditu biltzen, igorleen eta hartzaileen gogoangarri izan diren piezak, hain zuzen. Eta zein dira euskal herritar xeheen memoriaren gai kutunak? Gertakari lazgarriak, pasadizo dibertigarriak, sexua… memorian erraz iltzatuko diren horiek guztiak.
Baldintzatu ote du euskal literaturaren estatusa herri-literaturaren pisuak ala berdindu ditu azken mendeko literatur lan idatzien ugaritasunak euskal literaturaren tokia eta inguruko herrietakoa?
Nik uste dut egun inork ez duela zalantzan jartzen euskal literatura idatziaren indarra. Espainiako literatura periferiako sortzaileek (hau da, galegoek, katalanek eta euskaldunek) bultzatzen dutela entzun nuen behin baino gehiagotan Ingalaterran irakasle nenbilela. Batean zein bestean aberatsak gara, eta ez dugu zertan bata ala bestea hautatu. Biak elkarren osagarri dira euskal kultur ikasketetan, eta hala proposatzen bazaizkie ikertzaile eta ikasleei, askoz interesgarriagoa irudituko zaie proposamena.
Euskarriei gero eta lotuago dago gizartea, direla sakelakoak, tabletak, edukiak nahieran kontsumitzeko ahalmena, mezu idatziak... Zein tarte dauka ahozkotasunak gurean? Zein da ahozkotasunaren etorkizuna?
Ahozkotasuna bueltan dator! Egunkaria, telebista eta irratia hedabideen tripartitoa tabletaren monopoliora hurbiltzen ari da pixkanaka, eta komunikazio multimedian ahozkoak gero eta garrantzi handiagoa du. Interneten egitura bera aztergai hartuta, bada ahozko tradizioen eta sarearen arteko lotura agerikoa erakusten duen proiektu bat: http://www.pathwaysproject.org/. Euskarriei esker gogoraraziko zaigu gizakia beti izan dela ahozkoa, eta hala beharko du etorkizunean ere.