Euskaltzaindia
Euskaltzaindi barruko ezadostasunak, konpontzeko bidean
Natxo Velez
Gramatika batzordeko ordezkariek eta Akademiaren zuzendaritzak bilera egin ostean, Akademiako Osoko Bilkurak lan banaketa eta plana berretsi ditu. Ostiralean berretsi litzake Gramatika batzordeak ere.
Euskaltzainek abenduan Baionan eginiko osoko bilkuran aho batez erabaki zutenez, Akademiak gogoeta-aldia abiatu zuen, azkenaldiko liskarrak baretze aldera. Hausnarketa-aldi horren barruan, bilera egin zuten, otsailaren 4an, Zuzendaritzaren ordezkariek eta Gramatika batzordearen ordezkariek, eta desadostasunak bideratzeko ildoak zehaztu dituzte.
Ildo horien arabera, Gramatika batzordeak lan mardul bat egingo du, Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak saila eguneratu eta moldatzen, eta Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak beste liburu "didaktiko eta dibulgatibo" bat bultzatuko du.
Akademiaren zuzendaritzak ildo horiek onartu zituzten, erabateko adostasunez, eta litekeena da Gramatika batzordeak ere ostiralean bere hartzea puntuok.
Zehaztutako ildo horien arabera, Gramatika batzordeak lan handia bat egingo du, Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak lana eguneratu eta moldatzea, "Euskaltzaindiko beste batzordeek duten autonomia eta koordinazio berarekin".
Gainera, batzordeak lan txikiago bat ere egingo du (Euskal Gramatikaren Lehen Urratsak lanaren laburpena, proposamenak, eta abar), "Euskaltzaindiko beste batzordeek duten autonomia eta koordinazio berarekin".
Bi kasuotan Gramatika batzordeak zehaztuko ditu edukiak, eta osoko bilkuran aurkeztuko ditu. Osoko bilkurak erabakiko du gero, lan hori Euskaltzaindiaren izenean argitaratu nahi badu, nola kudeatu materialen eztabaida.
Gainera, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak beste liburu bat egitea bultzatuko du, "batzorde ahaldundu suntsikor baten bidez". Liburu horrek, hasierako fase batean, Euskaltzaindiak orain arte eman dituen arauak, gomendioak eta irizpenak (morfologiakoak, sintaxikoak, ortografiakoak, onomastikakoak, hiztegikoak...) era didaktiko eta dibulgatiboan jasoko lituzke.