Itxi

Dantza

'Oteizaren kaxa beltza': Oteizaren obran oinarritutako dantza

Erredakzioa

Kresala eta Verdini dantza taldeek Jorge Oteizaren inguruan egindako ikuskizuna Victoria Eugenia antzokian taularatuko dute lehenengoz martxoaren 15ean. Sarrerak salgai daude.

40 dantzari, bi clown eta Oteizaren pentsamendua, agertoki gainean, Faustino Aranzabal eta Isabel Verdini koreografoek sortutako ikuskizun batean. Hori ikusi ahalko da, 60 minutuz, martxoaren 15etik aurrera. Egun horretan estreinatuko dute ikuskizuna, Victoria Eugenia Donostiako antzokian, 20:00etan.

Lanean, Oteizaren kutxa beltzaren kontzeptuari hiru aldetik begiratuko diotela esan dute ikuskizunaren sortzaileek aurkezpenean: "Lehenik eta behin, eszenaren eta teatroaren zentzuan; bigarrenik, Oteizak hala izendatuta, bere-bereak diren kaxa beltzen zentzuan, artistaren ibilbide plastikoari azkena eman zioten obra metafisikoei begiratuko diete; eta, azkenik, hirugarren adierari, egiazko kabitate gorabeheratsuan, zeinaren barneko elementuak ezezagunak baitira, eta soilik kanpotik antzeman baitaitezke".

Ikuskizunean erakusten dutenez, perspektiba-aldaketa nabarmena ekarri zuen Oteizak: "Artea errealitatea eta bizitza helburu dituen teknika gisa ulertu, eta konfiantza osoa izan zuen beti giza existentziaren baldintza tragikoa salbatzeko arteak duen boterean. Artea existentziaren forma gorenetako bat da, baldin eta sortzaileak tranpa bikoitz bati ihes egitea lortzen badu: artelanaren ilusioa eta artista-mozorroaren tentazioa".

Sarrerak salgai daude dagoeneko Kutxabank sarean, 18, 15 eta 6 euroan.