Itxi

Kultur hiriburua

Donostia 2016k hiriko sortzaileen lana erakutsiko du asteburu honetan

Erredakzioa

Katapulta musikariak, argazkilariak, ingeniariak eta beste profil askoko sortzaileak biltzen dituen plataformak Sortzaileen diziplina arteko Erakustaldia antolatu du Donostia 2016ren egoitzan.

Katapulta plataformaren ekimenaren aurkezpena. Argazkia: Donostia 2016.

Donostia 2016 Europako kultur hiriburuaren espazioak Sortzaileen diziplina arteko lehen Erakustaldia hartuko du asteburu honetan. Katapulta plataformak hiriko sortzaileen ekimenak iragartzeko egingo dituen jarduera publikoetako lehena izango da larunbat-igandeetakoa.

Hitzaldiak, proiekzioak eta musika emanaldiak izango dira Katapultak prestatutako programan. Proiektuaren atzean, Buenawista Prolleckziom's musika elkartea dago, 1988an Buenavista Donostiako auzoko etxe okupatuan, "euskal punk-rock eszenaren jaiolekuan", sortutako taldea.

Elkarte horren bidez, musikariek, zinemagileek, argazkilariek, ingeniariek, ekonomialariek eta beste hainbat sortzailek joan den urtean osatu zuten. Beren inguruko sormen ahalmena albait urrunen eramatea da beren asmoa, eta "Donostia 2016 proiektuaren DNAn filosofia bera dagoenez", kultur hiriburuaren sustatzaileek egoitzako ateak zabaldu dizkiete, suhiltzaileen behinolako egoitza, hilaren 29an eta 30ean Sortzaileen diziplina arteko Erakustaldia egin dezaten.

Ikerne Gimenez Max sari bi irabazi dituen eszenografoak zabalduko du programa, larunbatean, sormen lanetan "ideiatik" "irudira" dagoen bidea azaltzen duen hitzaldiaren bidez.

Beste sortzaile asko pasatuko dira Donostia 2016ren egoitzatik. Koldo Almandozek, esaterako, "Zineborrak. Bocetos de Cine" aurkeztuko du.