Itxi

Aldaketa

Rafael Moneo izango da Oteiza Fundazioko patronatuaren presidentea

Erredakzioa

Tuterar arkitektoak Francisco Calvo Serraller historialari, saiogile eta arte kritikariaren tokia hartuko du, hark dimisioa eman eta gero.

Rafael Moneo nafar arkitektoa aukeratu dute Oteiza Fundazioaren patronatuko presidente, joan den azaroan Francisco Calvo Serrallerrek dimisioa aurkeztu ondoren.

Oteiza Fundazioaren patronatuak kargua Rafael Moneo batzordekideak hartzea proposatu zuen, eta, gaur Altzuzan egindako bileran, baiezkoa eman du Moneok, fundazioak ohar batean iragarri duenez.

Juridikoki, Foru Gobernuak finantzatutako erakunde pribatua da Oteiza Fundazioa, eta patronatu batek gidatzen du. Haren lehen presidentea Juan Huarte enpresari eta arte bitartekaria izan zen, eta gero Pedro Manterola saiogile eta artean aditua. Horien tokia Francisco Calvo Serraller historialari, saiogile eta arte kritikariak hartu zuen, eta, azaroan dimititu zuenetik, Ana Zabalegui Nafarroako Gobernuko zuzendari nagusia, patronatuko idazkaria, izan da jarduneko presidentea.

Patronatuan, Moneorekin batera, beste hauek ere badaude: Jose Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetako kontseilaria, Marisa Saenz de Oiza arkitekoa, Jaione Apalategi Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, Juan Antonio Urbeltz folklorista, Jose Angel Irigaray idazlea, Xabier Morras pintore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea, Juan Franco Nafarroako Gobernuko Nazioarteko Garapeneko zuzendari nagusia eta Fernando Redon arkitektoa.

Rafael Moneo

Rafael Moneok Madrilgo Goi Arkitektura Eskola Teknikoan ikasi zuen, eta ikasle zela (1956-1961) Francisco Javier Saenz de Oiza Oteiza Museoaren eraikinaren egilearekin lankidetzan aritu zen.

Hain zuzen ere, Saenz de Oizarekin eta Juan Daniel Fullaondorekin batera, Oteizak arkitekturara eginiko ekarpena aitortu zuen lehenetakoa izan zen Moneo. 'Jorge de Oteiza, arquitecto' artikulua idatzi zuen, "Nueva Forma" aldizkarian, 1968an.

Besteak beste, lan hauek egin ditu Moneok ibilbide jorian: Stockholmeko Arte Museoa, Arambergeko (Herbehereak) Unbiertsitateko Liburutegia, Prado Museoaren hedapena (Madril), Los Angeleseko Ama Birjinaren katedrala (AEB), Tate Galleryren hedapena (Londres), Gran Hyatt hotela eta bulegoak (Berlin), Houstongo Arte Museoa (AEB), Thyssen-Bornemisza Museoaren eraldaketa (Madril), Arte Modernoaren eta Arkitekturaren Museoa (Stockholm), Kursaal (Donostia), Bartzelonako Auditoriuma, San Pablo aireportua (Madril), Bartzelonako Estadio Olinpikoaren eraldaketa, Erromatar Artearen Meridako Museoa eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusia (Iruñea).

Azken lanen artean, hauek nabaritzen dira: Basileako Antzokia (Suitza), Amsterdamgo udaletxea, Beirut Souks, Nafarroako Unbiertsitatearen Arte Garaikideko Museoa...

Irakasle jardunean ere aritu da, ikasketa zentro hauetan eskolak emanez: New Yorkeko Arkitektura eta Hiri Ikasketen Institutua, Copper Union School of Architecture (New York), École Polytechnique Fédérale de Lausanne (Lausana), eta Princeton eta Harvardeko unbiertsitateetan.

Besteak beste, Arte Ederretako Espainiako Gobernuaren Urrezko Domina (1992), Arnold W. Brunner Memorial Prize (1993), Vianako Printzearen Kultura saria (1993), Pritzker saria eta Frantziako Arkitektura Akademiaren Urrezko Domina (1996) eta Erromako Akademia Nazionalaren Feltrinelli saria (1998) jaso ditu.