Itxi

Pop kultura, euskaraz

'Pop Pilulak' fanzinearen bigarren zenbakia maiatzean izango da kalean

Natxo Velez | eitb.com

Musika, diseinua, artea eta beste hainbat mundu hartzen ditu ardatz aldizkariak, euskaraz.

Sonic Youth taldea du hizpide, besteak beste, bigarren zenbakian "Pop pilulak"ek.

"Pop Pilulak" euskarazko kultur fanzinearen bigarren zenbakia maiatzean argitaratuko da. Joan den abenduan kaleraturiko lehen zenbakiak izandako harrera ona dela eta (batik bat Durangoko Azokan bisitari askoren arreta bereganatu zuen), arduradunek bigarrena plazaratzea erabaki dute.

Musikaz, diseinuaz, arteaz eta beste gai askotaz aritzen da paperezko aldizkaria,  "XX. mendean Mendebaldeko gizarteetan gertatu zen pop eztandaren" ikuspegitik. Halaber, euskal unibertsoa ahaztu barik (ale berrian, Jotakie eta euskal kantu tradizionalen moldaketak dituzte hizpide, esaterako), kanpoan gertatzen ari denari eta gertatu denari begiratzen dio batik bat "Pop pilulak"ek.

Oraingoan, orrialde gehiagorekin helduko da fanzinea, eta kolaboratzaileen artean ere izen berriak agertuko dira, hala nola Iñigo Bidetxea, Antton Iturbe, Julen Azpitarte, Mikel Lizarralde, Fermin Etxegoien, Juanra Madariaga, Goizalde Landabaso, Yurre Ugarte, Xabier Sagardia, Koldo Almandoz eta Michiko Kamba.

Zinema, musika, literatura eta bestelako gaiak jorratzen dituen publikazioa etxean jaso daiteke, baita zenbait puntutan erosi ere: La Kaxilda liburu-denda (Donostia); Katakrak (Iruñea), Zuloa (Gasteiz), Anti liburu-denda eta La Casa de Atrás disko- eta liburu-dendan (Bilbo) eta Luma liburu-denda (Bermeo).

Gainera, "Pop Pilulak" fanzinearen arduradunek jakinarazi dute zenbaki berriaren aurkezpena egiteko ekitaldi batzuk ere antolatuko direla, aurrekoarekin egin bezala.