Kargatzen...
Itxi

Antzerkia

Emilio Sagik Arriagako zuzendaritza artistikoa utziko du 2016rako

Erredakzioa

Oviedoko eszenografoa 2008ko irailean hasi zen Arriagan lanean, eta "beste gauza batzuk" egin nahi dituelako hartu du erabakia, antzokiaren kudeatzaileei esan dienez.

Emilio Sagi eszenografoak Arriaga Antzokiko zuzendaritza artistikoa utziko du, 2015eko abenduaren 31n, Bilboko antzokitik jakinarazi dutenez.

Emilio Sagi (Oviedo, 1948) 2008ko irailean hasi zen karguan, eta 2015ean, bere kontratuaren luzapena bukatutakoan, Bilboko antzokia uzteko "erabaki pertsonala" hartu du. Erabakia "ez doa inoren kontra", esan du.

Sagik Arriagaren arduradunei azaldu dienez, Bilbon gustura dago, baina, zortzi urtez Arriagan egon eta gero, "beste gauza batzuk" egin nahi ditu.

Zuzendari jardun den garaian, Sagik Arriagako ekoizpenen kopurua eta kalitate maila handitu du, dela antzokiak bakarka egindako proiektuetan dela beste enpresa zein erakundeekin batera bultzatutako lanetan, eta, oraindik urtebete baino gehiago geratzen denez gero, bere erabakiaren inguruan hautsik ez harrotzeko eskatu du.

Sagi Zarzuelako Antzokiaren eta Errege Antzokiaren zuzendaria izan da aurretik, Madrilen, eta oso programazio plurala eraman du Arriagara, zirkutik hasi eta opera barrokoraino; bertoko eta espainiar eszenako izar nagusiak erakarri ditu Arriagara.

Besteak beste, "El juez (los niños perdidos)" opera garaikidea estreinatu da Sagi zuzendari izan delarik, baita errepresentazio asko izan ez dituzten hainbat opera ere, Arriagak berak ekoitzita, hala nola "Ilargia" (Haydn), "Les mamelles de Tiresias" (Francis Poulenc) edo "Linda de Chamounix" (Gaetano Donizetti).

Antzerkiari dagokionez, "El crédito" Jordi Galceran egile katalanaren estreinaldia ekarri zuen, baita "Los hijos de Kennedy" Jose Maria Pauk zuzendutako lana ere, eta, harekin batera, Maribel Verdú, Ariadna Gil eta Emma Suárez aktoreak.

Arriagako arduradunek urtebete eta erdi dute oraindik Sagiren ordezkoa aukeratzeko.