Errezitaldi multimedia
'Enredando con los clásicos', Ramon Barearekin, asteartean Arriagan
Erredakzioa
Prosa, poesia eta antzerkia uztartzen ditu Urrezko Mendearen inguruko ikuskizunak, "satira, umorea, maitasuna eta ironia" ukituarekin.
Ramon Barea aktore bilbotarrak "Enredando con los clásicos" ikuskizuna taularatuko du astearte honetan, ekainaren 10ean, 20:00etatik aurrera, Bilboko Arriaga antzokian, Arriagako Gelatxoak zikloaren baitan. Urrezko Mendean zehar ibilbide bat egiten duen errezitaldi eta ikuskizun multimedia da, Barearen eskutik.
Bilboko antzokiko arduradunek jakinarazi dutenez, satiraz, bihurrikeriez, maitasunez, umorez eta ironiaz josita dago Arriagako Gelatxoen egitarauaren barruan eskainiko den lan hau. Ikuskizunaren baitan, prosa, poesia eta antzerki zatiak aurkituko ditu ikusleak.
Ramon Barea aktore eta zuzendaria da, antzerkian, zineman zein telebistan esperientziaduna, eta ezinbestekoa euskal antzerki independenteaz hitz egitean, Cómicos de la Legua eta Karraka taldeen sortzaileetako bat izanik. Oraingoan, klasikoen gaineko bere iritzi bitxia erakutsiko du "Enredando con los clásicos" ikuskizunean.
Sarrerak 8 eta 12 euro bitartean eros daitezke, ohiko tokietan.