Durangoko Azoka
120.000 euroko laguntza emango dio Jaurlaritzak Gerediaga Elkarteari
Erredakzioa
Jose Angel Muñoz Kultura sailburuordearen hitzetan, asteartean Gerediaga Elkartearekin bilera "luze eta probetxugarria izan zuten, Durangoko Azokaren etorkizuna bermatzeko".
Hasieran, 80.000 euroko ekarpena aurreikusi zuen Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetan, baina Gerediaga Elkarteari 120.000 euro diru-laguntza ematea erabaki du Exekutiboak aurtengo Durangoko Azoka bermatzeko.
Jose Angel Muñoz Kultura sailburuordeak Radio Euskadi irratian azaldu duenez, asteartean Gerediaga Elkartearekin bilera "luze eta probetxugarria izan zuten Durangoko Azokaren etorkizuna bermatzeko, herri honen kulturan funtsezko osagaia baita".
Gerediaga Elkarteko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunek elkarrizketa sorta hasiko dute ekarpena zehaztu eta egonkortzeko, datozen urteetako azokak bermatzeko. "Ahal den neurrian harreman etengabea izatea adostu dugu", azaldu du Muñozek.
Finantziazio gehiago
Gerediaga Elkarteko arduradunak ekarpen berriarekin "pozik" azaldu dira. Hala ere, gainerako erakundeekin lanean jarraitzeko eskatu dio Gasteizko Exekutiboak Elkarteari, finantziazio gehiago lortzeko.
"Euskararen eta herriaren kultura osoarentzat balio handia du azokak; eta ondorioz, ez da bakarrik Bizkaiko Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren kezka, Arabako eta Gipuzkoako aldundiek, Nafarroako gobernuak eta Durangoko Udalak ere egitasmoan parte hartu beharko lukete, konpromiso eta ekarpen handiago batekin", adierazi du Muñozek.
Diru-laguntza berriak aurkitzeko lana Gerediagak egin behar duela argi utzi du sailburuordeak; izan ere, hark antolatu du azoka azken 50 urteetan, eta "oso ondo egin du, inork ez du zalantzan jarri gauzak oso ondo egiteko gai dela, proiektuko agintariak dira".