Elkarrizketa Euskadi Irratian
Irailean emango dute jakitera Donostia 2016ko zuzendari berria nor den
Erredakzioa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Euskadi Irratian esan du uste baino hautagai gehiago daudela eta irailaren erdialdera emango dutela aditzera Donostia 2016ren zuzendari berria nor izango den.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak gaur, asteazkena, adierazi duenez, uste baino hautagai gehiago aurkeztu dira deialdira. Ostegunean amaituko da deialdira aurkezteko epea, eta zuzendari berriaren izena "irailaren erdialdera" emango dute jakitera.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Izagirrek esan du ostegunean bilduko dela Donostia 2016ren zuzendari berria aukeratzeko hautaketa batzordearekin. "Gisa honetako nazioarteko ekimenetan eta kulturan" esperientzia duen, liderra izaten dakien eta hizkuntzak menderatzen dituen norbait behar dutela azaldu du.
Donostia 2016rako Europako Kultur Hiriburuak "bakea eta bizikidetzaren alde egin du hasieratik", esan du Izagirrek. "Parte hartzea, aniztasuna eta besteekiko errespetua" dira ardatz nagusiak, gaineratu du. "Guztiok dakigu urteetan bizi izan dugun gatazkaren ondorioz biktima ugari izan direla hemen, kolore anitzetakoak, gainera, eta zenbaitetan ez dira batzuen eta besteen artean zubiak sortu, eta honek ere horretarako balio dezake", esan du.
ALKATEGAI, BERRIRO?
Bestalde, datorren urteko udal hauteskundeetan berriz ere Donostiako alkategai izango ote den galdetuta, Juan Karlos Izagirrek esan du oraindik ez duela pentsatu eta "bere garaian" iragarriko duela hori. Dena dela, dagoen alkatea dagoela ere, proiektuak aurrera egingo duela ziurtatu du.
Izagirreren esanetan, Bildu "helburu zehatz batekin" heldu zen Donostiako Udalera: "politika egiteko beste bide batzuk daudela erakusteko eta Donostia berri bat eraikitzeko". Horren harian, "Bildu krisiaren une gogor batean heldu zen Alkaldetzara", baina Gipuzkoako hiriburuan enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko inbertsio handiak egin direla nabarmendu du.