Kukai dantza taldea
Jon Maya: 'Oso harrera ona izan dugu Argentinan'
Natxo Velez | eitb.eus
Hiru astean hamar emanaldi egin ditu Kukai dantza taldeak Argentinan. Saio arrakastatsuak egin dituzte, eta publikoaren eta kritikarien oniritzia jaso dute.
Hiru aste, zazpi hiri, hamar emanaldi eta 3.700 kilometro. Zenbaki horiek utzi ditu Kukai dantza konpainiak Argentinan egin berri duen birak. Zifrez haraindi, halere, jendearen oniritzia dago; aurreikuspenak aseta itzuli dira Kukaikoak Ameriketatik.
Jon Maya konpainiaren zuzendariak azaldu digunez, "oso publiko ona aurkitu dugu, oso testuinguru ezberdinetan". Izan ere, birak bi alde izan ditu nagusiki: Buenos Airesen Komunikazioa Inkomunikazioa ikuskizuna taularatu dute kukaitarrek, Sarmiento antzokian, hiru egunez. Gero, Gelajauziak ikuskizunarekin, Tucumán, Jujuy, Salta, Corrientes, Resistencia, Paraná eta Rosario hirietara iritsi dira, biran, emanaldi gehienak kalean eginez, Argentinako Antzerki Institutuak Kultura Ministerioaren laguntzaz antolatutako azoka nazional baten barruan.
Mayaren hitzetan, "bi giro ezberdinetan harrera bikaina, oso publiko ona, izan dugu. Buenos Airesen, antzokia bete egin zen hiru gauetan, eta jendeak zutik agurtu gintuen. Halaber, iparraldeko hirietan egin ditugun emanaldietan ere gustura hartu gaitu jendeak, bestelako giro batean, ikuskizun gertukoagoetan”.
Oro har, biraren balorazio oso positiboa egin du Kukai dantza konpainiak, eta bertako kritikariek ere hitz gozoak izan dituzte euskal taldearentzat. Hartara, ez dute baztertu itzultzea: "Hasierak izaten dira zailenak. Bideak irekita daude dagoeneko, eta aukerak daude etorkizunean bertan zerbait egiteko", esan du Mayak.
Egitasmoak
Kukaiko kideek ez dute atsedenerako tarte handirik izango. Ostegunean, Donostiako Euskal Jaietan Gelajauziak ikuskizuna eskainiko dute (19:00etan, Zuloaga Plazan). Emanaldi honek Nestor Basterretxea eskultorea zena omentzeko balioko du. Jarraian, ostiral eta larunbatean Tarregako Antzerki Firan izango dira, Katalunian, ikuskizunaren aurkezpen birarekin jarraituz. Urriaren 1ean, Gelajauziak ikuskizunaren areto barruko bertsioa estreinatuko da.