Itxi

Saria

Antxon Aguirre Sorondo, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria

Erredakzioa

Lehenengoz, herritarren botoekin eta kultura eta zientzia alorreko sei erakundek osatutako epaimahai instituzionalaren bidez hartu da erabakia. Gipuzkoar etnografoa urtarrilaren 30ean hil zen.

Antxon Aguirre Sorondo. Argazkia: Eusko Ikaskuntza

Eusko Ikaskuntzaren 2014ko Manuel Lekuona Saria Antxon Aguirre Sorondo (Donostia 1946-2014) etnografo gipuzkoarrari eman diote, hil ondoren. 1983an sortu zenetik lehen aldiz, milaka pertsonak parte hartu du sariketan, bozketa ireki baten bidez irabazlearen alde eginez. Boto horien gehiengoak Antxon Aguirre Sorondoren hautagaitza babestu du.

Botoek azken emaitzaren % 50 balio zuten, eta erabakiaren beste erdia Eusko Ikaskuntzako presidentea eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Labayru Institutuak eta Euskarabideak osatutako epaimahai instituzionalaren esku egon da.

Etnografoa, gai historikoen ikertzailea, ondarearen defendatzailea eta bidaiari amorratua, Antxon Aguirre Sorondo behaketa, ikerketa eta dibulgazioan aritu zen bere bizitza osoan. 50 liburu eta ehunka ikerketa monografiko utzi zituen. Ekarpen garrantzitsua egin zuen gai askotan: errotagintza eta industria aurreko hidraulika, albaitaritza, egurrezko ontzien arkitektura, artisautza eta lanbide tradizionalak, kanpaiak eta horien esanahi eta adierazleak, festa, erlijio herrikoia eta ermitak, Euskal Herriko hileta kultura, gipuzkoar komunitate lokaletako etnohistoria…

Antxon Aguirre Sorondok “euskal ondarea bere esanahi zabalenean zabaltzeko egindako lan itzela” nabarmendu du epaimahaiak.

Aurretik, beste hauek jaso dute Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zenetik: Jorge Oteiza, Jose Miguel Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes Lasa, Carlos Santamaria, Jose Ignacio Tellechea Idigoras, Jose Maria Jimeno Jurio, Eugene Goyheneche, Micaela Portilla, Elias Amezaga, Menchu Gal, Manuel Lekuona...