Aurkikuntza
Euskal Herriko giza arrastorik zaharrena
Erredakzioa
Arrasateko Lezetxiki leize-zuloan, 1964an, topatutako besahezurrak gutxienez 164.000 urte dituela zehaztu dute. Atapuercan topatutako gorpuzkien ostean Penintsulako giza arrastorik zaharrena da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Besahezurra Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxiki leize-zuloan duela 50 urte aurkitu zuten eta gutxienez 164.000 urte dituela zehaztu ahal izan dute zientzialariek aurten. Atapuercan topatutako gorpuzkien ostean Penintsulako giza arrastorik zaharrena da.
Horrela, Jose Miguel Barandiaran apaiz eta antropologoaren kalkulua baieztatu du Australian egindako proba batek. Barandiaranek leize-zuloa aurkitu eta hezurra neardentalen garaia baino lehen kokatu zuen; izan ere, Lezetxikiko geruzarik sakonenean topatu zuen. Hartz baten burezurra goiko geruza batean aurkitu zuen apaizak. Hartz espezie hori duela 120.000 urte desagertu zen Europan.
Hurrengo pausoa humeroaren genoma osatzea izango da. Nahiz eta andeatuta egon, hezurrak kutsatu gabeko DNA mantentzen duela egiaztatu dute adituek. Horrela, espeziea zehaztu ahal izango dute. Humeroa emakume batena zela uste dute.
Concepcion de la Rua EHUko Antropologia katedradunak eta Jesus Altuna paleoantropologoak (Barandiaranen ikaslea) ikerketaren emaitzen berri eman dute Donostian. Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak prentsaurrekoan parte hartu du.
Azterketa morfometrikoa
Era berean, humeroari azterketa morfometrikoa egin diote Australian. Besahezurrak Pleistozeno Erdiko giza fosilekin "antz handia" duela baieztatu du ikerketak, hau da, Atapuercako Sima de los Huesos delakoan aurkitutakoekin.
Humeroa 1964ko abuztuaren 20an aurkitu zutela idatzita utzi zuen Barandiaranek bere egunkarian; izan ere, bere lankideek (horien artean Altuna) topatu zuten, bera Donostian neskato bat bataiatzen ari zen bitartean.
Jesus Altuna paleoantropologoa, besahezurra eskuetan duela. Argazkia: EFE
1969an datazioa egiten saiatu ziren Londresen, uranio sailen bidez, baina ez zuten lortu. Karbono 14rekin proba fidagarria egitea ez zuten planteatu ere egin, 45.000-49.000 urte baino gutxiago dituzten gorpuzkietan bakarrik erabiltzen dutelako.
Atapuercan zeharkako datazioak egitea posible da animalien arrasto ugari aurkitu dituztelako bertan, baina Lezetxikiko besahezurra aztertzeko beste teknika zuzenago bat erabili beharra zuten zientzialariek.
"Arriskutsua eta aukera bakarra zen"
"Arriskutsua eta aukera bakarra zen", ziurtatu du De la Ruak. Antropologoaren ahotan, hezurrari "kalterik txikiena" egiteko 0,7 milimetroko xafla ebaki zioten Donostiako Goaz zentroan. Ondoren lagina Gipuzkoako hiriburutik Australiako Unibertsitate Nazionalera (Canberra) eraman zuten.
Han Rainer Grun Geokronologiako adituak besahezurrari zenbait neurri hartu zizkion laser baten bidez. Uranioaren xurgatze eta barreiatzea neurtuz humeroak gutxienez 164.000 urte dituela egiaztatu zuen adituak. 9.000 urteko errore-maila du azterketa mota horrek.
ta mota horrek.