Itxi

Heriotza

Joe Cocker Erresuma Batuko rock abeslaria hil da 70 urte zituela

Erredakzioa

Ahots zakarreko artista gaixotasun luze baten ostean zendu da. Abeslaria Sheffielden jaio zen. 'You Are So Beautiful' eta 'Up Where We Belong' abesti arrakastatsuak grabatu zituen.

Joe Cocker Erresuma Batuko rock abeslaria. Argazkia: EFE

Joe Cocker Erresuma Batuko rock abeslaria hil da gaur 70 urte zituela. Gaixotasun luze baten ondorioz hil da, Barrie Marshall artistaren ordezkariak BBC telebistari jakitera eman dionez.

Cockerrek ahots zakarra zuen eta Beatles musika-taldeko A Little Help From My Friends abestiaren bertsioarekin ospea lortu zuen. 1969ean, Woodstockeko kontzertu famatuan parte hartu zuen.

Abeslaria Sheffielden (Ingalaterrako iparraldea) jaio zen. John Lennonek eta Paul McCartneyk konposatutako kantarekin zerrendetako lehen tokian kokatu zen 1968an. Ondoren, You Are So Beautiful (1975) eta Up Where We Belong abesti arrakastatsuak grabatu zituen.

Biriketako minbizia

“John Robert Cocker abenduaren 22an hil da biriketako minbiziaren aurka gogor borroka egin eta gero. Mr. Cockerrek 70 urte zituen”, dio bere ordezkariaren agiriak. “Rock eta blues abeslari bezala nazioartean arrakasta lortu zuen 1964an, eta gaurdaino jarraitu du. 40 disko sortu zituen Joek, eta mundu osoari bira eman zion”, erantsi du.

Abeslaria musikaren historiara pasako da, besteak beste, With a litle help from my friends, You can leave hour hat on eta You are so beautiful bere ahots zakarrarekin abesteagatik.

Cocker 1944ko maiatzaren 5ean jaio zen. 20 urte Sheffielden eman zituen eta 15 urteetatik musika-talde ezberdinetan parte hartu zuen. The Avengers, Big Blues (1963) eta The Grease Band (1966) aipatu behar.

Woodstockeko jaialdia

25 urterekin Woodstockeko Jaialdian parte hartu zuen. Delta lady, Some things goin on, Let's go get stoned eta I shall be released abestu zituen bertan. Hala ere, With a little help from my friends abestiarekin arrakastarik handiena lortu zuen emanaldi hartan.

'Joe Cocker!' (1969), 'Joe Cocker: something to say' (1972), 'I can stand a little rain' (1974), 'Jamaica say you will' (1975), 'Stingray' (1976), 'Sheffield steel' (1982), 'Civilized man' (1984), 'Unchain my heart' (1987), 'One night of sin' (1989), 'Across from midnight' (1997) eta 'Respect yourself' (2002) lanak ere goraipatzekoak dira.