Heriotzak
2014ko agurrak: Nestor Basterretxea, Alex Angulo, Ramiro Pinilla…
N.V. | eitb.eus
Azkenetan den urte honek makina bat kulturgile nabarmen eramango ditu betiko berekin; Paco de Luciak, Gabriel Garcia Marquezek edo Philip Seymour Hoffmanek eman zuten, berbarako, azken arnasa 2014an.
Nestor Basterretxea Arzadun eskultore, margolari eta zinemagilea 90 urte zituela hil zen, uztailaren 12ko goizaldean, Hondarribiko Jaitzubiko Idurmendieta baserrian. Konstruktibismotik espresionismo abstraktura eraman zuen bere obra oparoa Basterretxeak, euskal mitologiako erreferentziak islatuta eta jarrera inkoformista erakutsita.
Alex Angulo aktorea ere hil da 2014an, zirkulazio istripu batean, Fuenmayor herrian (Errioxa). 61 urteko bizkaitar aktorea Gaizka Urresti zinemagilearen azken pelikula filmatzera zihoan, Zaragozarako bidean zorigaiztoko istripua izan zuenean.
Bestalde, Ramiro Pinilla ere zendu da aurten, urriaren 23an. Idazle beteranoak ?Verdes valles, colinas rojas? trilogia mardula utzi zuen legatutzat, besteak beste.
Gabriel Garcia Marquez 1982ko Literaturaren Nobel sariaren irabazlea apirilaren 17an hil zen, 87 urte zituela, Mexiko Hirian, duela zenbait urtetatik bizitoki zuen lekuan. Gabok XX. mendeko literaturaren zutabe diren zenbait lan funtsezko utzi ditu, hala nola ?Ehun urte bakardadean? edo ?Koronelari ez dio inork idazten?.
Ana Maria Matutek ere utzi zituen gaztelaniaz idatzitako letrak apur bat bakartiago: ekainaren 25ean hil zen, 88 urte zituela.
Lehenago, martxoaren 6an, Leopoldo Maria Panero idazlea hil zen, 65 urte zituela, bere bizitzan zehar Arrasateko, Kanarietako eta beste hainbat tokitako ospitale psikiatrikoak ezagutu eta gero.
Zinema: Seymour Hoffman, Bacall eta Robin Williams
Alex Angulorena ez ezik, beste galera tragiko batzuk izan dira zinemaren munduan 2014 honetan. Robin Williams aktore eta umorista estatubatuarrak (63 urte) bere buruaz beste egin zuen abuztuaren 11n. Haren emazteak adierazi zuenez, depresioak jota zegoen ?Poeta hilen elkartea? eta ?Good morning, Vietnam? filmetako protagonista eta parkinson gaixotasunaren lehen zantzuak antzematen hasia zen.
Hollywoodeko mundua Philip Seymour Hoffmanen heriotzak ere jarri zuen hankaz gora, otsailaren 2an. Gaindosi baten ondorioz hil zen aktore handia, 46 urte zituela. Nahiz eta behar baino ibilbide laburragoa egin zuen, filmografia oparoa utzi zuen: ?Happiness?, ?Capote?, ?Magnolia?, ?Mr Ripleyren talentua?, ?The master??
Lauren Bacallek ere esan zuen adio betiko, buruko isuri batek jota, baina beti egongo da zinemazaleen oroimenean, besteak beste Humprey Bogart ondoan zuela ?To Have and Have Not? filmean egin zuen lanari esker.
Halaber, Bob Hoskins ?Who framed Roger Rabbit? filmeko detektibearena egin zuen aktorea ere hil zen, apirilean; hil berean eman zuen azken hatsa Mickey Rooneyk, 93 urte zituela; Shirley Temple ume izarra, kizkur gorriez 30eko hamarkadan publikoa limurtu zuen aktorea, ere hil zen hil horretan, 85 urte zituela. Harold Ramis ('Mamu-harrapatzaileak'), Elaine Stritch ('The Perfect Furlough') eta Joan Rivers ('El nadador') ere eraman ditu 2014ak.
Zineman, kameraren bestaldean jarduten ziren beste batzuk ere hil dira, hala nola Richard Attenborough (David Attenborough naturalista famatuaren anaia nagusia), 1983an ?Gandhi? filmari esker Oscarra irabazitakoa, eta Oscarraren beste irabazle bat: Malik Bendjellou ?Searching for Sugar Man? dokumental azpimarragarriaren egilea, 36 urte zituela.
Euskal zinemak Javier Ibarretxe ekoizlea eta Koldo Losada aktorea ere galdu zituen, besteak beste.
Musika: Joe Cocker, Paco de Lucía, Jul Bolinaga..
Dudarik gabe, musika munduak nazioarte mailan aurten izan duen galera nagusietakoa Paco de Lucia espainiar gitarristarena izan da: bihotzekoak jo zuen, otsailaren 25ean, Mexikon, etxean zegoela. Gitarraren maisuak musika generoen arteko mugak hautsi zituen, eta flamenkoaren ikur bihurtu zen mundu zabalean.
Gabon gauerako bi egun falta zirela, Joe Cocker eztarri urratuko kantaria hil zela jakin genuen; 70 urte zituen, eta birikako minbiziak eragin zion heriotza. Gainera, 2014ak beste musikari asko eramango ditu berekin betiko: Jack Bruce, Cream taldeko abeslari eta baxu-jotzailea, Tommy Ramone, Jimi Jamison Survivorrek abeslaria, Bobby Womack soularen erreferenteetako bat, Peret katalana, Phil Everly (Everly Brothers), Claudio Abbado orkestra zuzendaria?
Gainera, 80ko hamarkadako euskal rockaren bi ordezkari ere galdu ditu musika ondareak: Jul Bolinaga RIP taldeko gitarrista eta Parabellum taldean jardun bera egiten musikarietako bat, Lera.
RIPen kontzertua, 1984ko Eginrock jaialdian