Itxi

Inaugurazioa

Nafarroako Unibertsitatearen Museoa gaur zabalduko dute

Erredakzioa

Rafael Moneok diseinatutako kulturgunea inauguratuko du gaur Nafarroako Unibertsitateak. Erakusketa aretoetan, Picasso, Kandinsky, Chillida, Oteiza eta beste askoren lanak izango dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espainiako errege-erreginek Nafarroako Unibertsitatearen Museoa inauguratuko dute gaur. Zentro horretan, besteak beste, argazki funts erraldoia eta Maria Josefa Huartek metatu zuen bilduma artistikoa egongo dira ikusgai; Picasso, Rothko, Tàpies eta XX. mendeko beste artista askoren lanak, esaterako.

Zentroaren programazioa abiatzeko, bost erakusketa eta Espainiako Dantza Konpainia Nazionalaren emanaldia prestatu dituzte. Bi saiotan arituko dira dantzariak, urtarrilaren 22 eta 23an.

Museoa irekitzeko ekitaldian, Espainiako errege-erreginak ez ezik, Yolanda Barcina Nafarroako presidentea eta Alfonso Sanchez-Tabernero errektorea egongo dira.

Hilabete, herritarrek ezagutzeko

Ostegunetik aurrera, doan sartu ahalko da, hilabetez. Erakusketa hauek ikusi ahalko dira bertan: Maria Josefa Huarte eta Jose Ortiz Echagueren ondareak, Iñigo Manglano-Ovalleren The Black Forest erakusketa (urrira arte), El mundo al revés: El calotipo en España (apirilaren 26ra arte) eta Carlos Irijalba nafarraren The Third Place (uztailaren 19ra arte).

Maria Josefa Huarteren ondarea 50 eskultura eta pintura lanek osatzen dute, eta horien artean XX. mendearen bigarren erdialdeko lanak daude: Pablo Picasso, Wassily Kandinsky, Mark Rothko, Eduardo Chillida, Pablo Palazuelo, Jorge Oteiza, Antonio Tàpies…

Gainera, Nafarroako Unibertsitatearen argazki funtsa ere ikusi ahalko da. 1981ean hasi ziren argazkiak biltzen, Jose Ortzi Echaguek, Espainian XX. mendean izandako argazkilari nagusietako batek, utzitako lanetatik hasita.

Gaur egun, 14.000 argazki eta 100.000 negatibo daude, eta denak ere XIX. mendetik gaur arte hartutako irudiei dagozkie.

Eraikinaren ezaugrarriak

Museoaren hiru solairuetan (-1, 0 eta +1), 14 areto paratu ditu Moneok, 3.000 metro koadro guztira. Antzerki-entzunareto bat ere badago, eta denetariko ekitaldiak egingo dituzte bertan: arte eszenikoetako ekitaldiak, campuseko kultur ekitaldiak, ektialdi akademikoak… Halaber, bi ikasgela, hiru tailer eta 270 metro koadroko jangela daude Museoaren eraikinean.

Albisteak (1)

Bideoak (1)