Itxi

Bihar hasiko da Punto de Vista dokumentalen zinemaldia, Iruñean

Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak pantaila handira eramango ditu, otsailaren 10etik 15era, dokumental garaikideen proposamenik ausartenak.

Desagertzeko zorian egon zen etapa ilun baten ostean, Punto de Vista zinemaldiak urteroko aldizkakotasuna berreskuratu du, eta Eurpako zinema munduaren begiradak bilduko ditu otsailaren 10etik 15era bitartean. Hamazazpi pelikula lehiatuko dira atal ofizialean, baina batez ere, dokumental garaikidearen ikuspuntu ezberdinen bilgunea bihurtuko da Iruñea, zinemagile, kritikari, akademiko, ikasle eta zinemazaleen erdigune.

Erdialdeko Eskualdea

Sail ofizialak zinemarik berritzaile eta erradikalena biltzen zuen atal baten izena hartuko du aurten: Erdialdeko Eskualdea. Horrela, zinema dokumentalak aspaldi eskatutako pausua emango du: industriak eta bere interesek kontrolatutako merkatuaren mugaldeetatik zinemaren erdigunera igaroko da. 9 film luzek eta 8 laburrek osatzen dute lehiaketa ofiziala, eta proposamen ausartenek zinemaldiaren arreta osoa hartuko dute.

Sariak emango dituen epaimahaia honakoek osatzen dute: Chris Fujiwara, AEBetako kritikalari, kazetari eta programatzailea; Viva Paci, Kanadako irakaslea; Eric Pauwels, Belgikako idazle eta zinemagilea; Mads Mikkelsen, Danimarkako programatzailea, eta Carlos Reviriego, Espainiako kritikalaria.

Uharteak

Badirudi zinema dokumentalaren irla baztertuak harremanetan jarri nahi dituela jaialdiak, lur zazti hauen inguruko atzera begirako bat antolatuta. Leku bereziak eta muturrekoak dira irlak, eta horiek lotuko ditu Uharteak sekzioan. Robert Flahertyren hastapenetako pelikuletatik hasiko da metafora (Man of Aran), eta “uharte bat adierazteko” beste moduak erakutsiko ditu: Descripción de una isla (Rudolf Thome, Cynthia Beatt) edo Mor' vran (Jean Epstein), besteren artean.

Chez les Basques

Atzerriko zinemagile askok Iparraldeari botatako begiradek osatuko dute Chez les Basques. Lumiere anaiek filmatzeko asmakizun berri hura Biarritzen erabili zutenetik (Rochers de la Vierge pelikulan), Ipar Euskal Herria film askoren eskenatokia izan da. Punto de Vistak bere mapa marraztuko du bederatzi filmekin. Horien artean, Orson Wellesen dokumentalak Iparraldeari buruz eta Au pays des basques (Maurice Champreux), Euskal Herrian grabatutako lehenengo film soinuduna.

Margaret Tait

Hirugarren atzera begirakoak Eskoziako zinemagile honen lana bilduko du. Poesiaz beteta daude 34 film laburren eta film luze bakarraren irudiak. Ikus-entzuleak eta zinemagileak harrituko eta gogoz beteko ditu Margaret Taiten zinemak.

Heterodocsias atalean Espainiako zinema dokumental esperimentala erakusten du jaialdiak. Aurten, Isidoro Valcarcel Medina ezezaguna izango da protagonista. La celosía film luzea proiektatuko du zinemaldiak, eta sortzeko erabili dituen ikuspuntuak azalduko ditu zuzendariak hitzaldi batean. Bere lanari buruzko dokumental batek osatuko du sekzioa.

Georgiako Otar Iosseliani Iruñean egongo da, eta bere lanak ikusgai egongo dira. Bere herrialdea lehenengo, eta mundua geroago, ezagutzen eta erakusten ditu Iosselianik irudi eta soinuen bitartez. Etnologo eta artista baten zinema da berea.

Oskar Alegriaren erakusketa batek, Itsaro Arana Baztanen lanak itxiera ekitaldian eta X Films Proiektuak osatzen dute Punto de Vista. Azken sekzio horretan, hiru zinemagile lehiatuko dira zinemaldiak euren lanak babes ditzan, eta gainera, iazko irabazlearen pelikula bukatua ikusiko dugu: Aitor Gametxoren El otro mapa de Abauntz.

Zinemaldia bihar hasiko da, baina arratsalde honetan, 20:00etan Baluarten, hitzaldi bat emango du Bernardo Atxagak Chez les Basques zikloaren barruan, Chris Wertenbakerrekin batera. Wellesen Euskal Herriari buruzko pelikuletan agertzen da Weterbaker.