'Dantzerti' zentroa
Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Eskola, datorren ikasturtean martxan
N.V, | eitb.eus
Ikasketa hauek eskainiko ditu: Arte Dramatikoa, interpretazio espezialitatean, eta Dantza, koreografia eta interpretazioa espezialitatean. Bilbon dago, Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatorioan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
2015-2016 ikasturtetik aurrera, goi-mailako beste bi arte titulu ofizial izango dira eskuragarri: Arte Dramatikoa, interpretazio espezialitatean, eta Dantza, koreografia eta interpretazioa espezialitatean.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, “Goi-mailako arte-ikasketen bidez, ikasleek ingurune horretan txertatzeko beharrezko erremintak eskuratuko dituzte, eta, horrez gain, arte-irakaskuntzako ikastetxeetan eskolak emateko ere gaituko dira”. Gradu baten pareko titulua izango da ondorio guztietarako.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Dantzerti zentroak emango ditu ikasketa horiek; izen hori izango du Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi-mailako Eskolak. Bilbon dago lekututa, Juan Crisóstomo de Arriaga kontserbatorioan.
Goi-mailako arte-irakaskuntza hauek musikako irakaskuntza profesionalarekin batera ipinita, sinergia interesgarriak sortuko dira; hala, ekarpen eta interakzio nabarmenak izango dira eta elkarrekin parte hartuko dute trebakuntzako hainbat proiektu eta jardueratan.
Sartzeko baldintzak eta ikasketa planak
Eskolan sartzeko, Batxilergoko titulua edo Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako sarbide-proba gaindituta izan behar da, eta sarrera-proba bat ere egin beharko da ikastegian bertan.
Arte Dramatikoko eta Dantzako goi-mailako ikasketek lau ikasturte akademiko izango dituzte, eta guztira 240 ECTS kreditu (60, urteko).
Lehen ikasturte honetarako, 40 plaza aterako dira guztira: Arte Dramatikorako (Interpretazioa) 15 eta Dantzarako 25.
2015-2016 ikasturtera begira sarbide-proba egiteko epea maiatzaren 4tik 22ra egongo da irekita. Probak ekainean egingo dituzte; Arte Dramatikokoak ekaineko lehen hamabostaldian, eta Dantzakoak, berriz, bigarrenean.