Itxi

DSS2016

Euskara 'beretzat erabiltzea' egotzi dio Eusko Jaurlaritzak Izagirreri

Agentziak - Erredakzioa

Hizkuntza gutxituen inguruko goi bilera Kontseiluak zuzen dezan “zapalgailua erabiltzea” egotzi dio Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak Donostia 2016 Kulturaren Europako Hiriburutzaren “alde” lan egiteko eskatu dio Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate eta Donostia 2016ko patronatuaren presidenteari. “Bere gizarte segmentuarentzat bakarrik” lan egiteari uztea ere eskatu dio, eta hizkuntza gutxituen inguruko goi bilera Kontseiluari esleituta euskara “beretzat erabiltzea” egotzi dio.

Donostian emandako prentsaurreko batean, Eusko Jaurlaritza ekimena Kontseiluak abiatzearen aurka egonda ere “hedabideen aurrean gordetzen ari zen diskrezioa” haustea erabaki duela azaldu du Muñozek.

Muñozen hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren “babes osoa” du DSS2016k eta haren zuzendaritzak, proiektua “arrakastaren bidean oso toki sendoan jarri eta aurrerapauso handiak ematen ari baita”. Hala ere, Izagirreren kudeaketarekin “kritiko” agertu da, eta, batik bat hizkuntza aniztasunaren inguruan, “oso txarto” egin duela leporatu dio. Kontseiluaren aldeko erabakia “inposizioa” izan da, Muñozen aburuz.

Muñozek esan duenez, Donostiako alkateak “zapalgailua erabili du”, eta ez du “inolako akordio edo adostasunik” bilatu. Espainiako Kultura Ministerioak auzitara jo du goi bilera egiteko Kontseiluarekin sinatutako hitzarmena salatzeko.

Bestalde, abenduan, Fundazioaren aurrekontuak onartzeko garaian, Eusko Jaurlaritzak proposamen “bideragarria” egin zion Izagirreri, hizkuntza gutxituen goi bileran erakundeek, Etxepare Institutuak eta beste elkarte batzuek ere parte hartzeko, baina Donostiako alkatearen aldetik “ez da akordiorik bilatzeko saiakerarik egon”.

“Presioak”

Azkenik, Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari nagusiaren paperari dagokionez, Kontseiluaren gaineko erabakia “inposatuta” jaso zuela esan du Muñozek, eta asteartean hizkuntza gutxituei buruzko goi bilera aurkezteko prentsaurrekoan “lehen ilaran” egoteko “presionatu” egin dutela gaineratu du.

Albisteak (1)