Donostia 2016
Atzerritar itzultzaileak euskara-ikasle, euskal literatura zabaltzeko
N.V. | eitb.eus
DSS2016EU Europako kultur hiriburutzak zortzi itzultzaile aukeratuko ditu, hizkuntza ikasi eta euskarazko literatur lan bat beren ama hizkuntzan jar dezaten.
Donostia 2016k eta Etxepare Institutuak "Itzultzaile berriak" proiektua martxan jarri dute. Ekimen honen bidez, nazioarteko hainbat literatur itzultzaileri euskara irakatsiko diete, euskal literatura Europan sustatzeko helburuarekin.
Gaur, apirilak 15, irekiko den deialdi publiko baten bidez, nazioarteko zortzi literatur itzultzaile hautatuko dituzte, euskara ikas dezaten. Horietako lauk ez dute euskaraz ezer jakin behar, eta sei hilabeteko egonaldia egingo dute Euskal Herrian. Gainerako laurek euskararen ezagutza maila baxu edo ertaina izango dute, eta hilabetez egongo dira Euskal Herrian maila hobetzen.
Egonaldi luzea egingo duten lau itzultzaileek diru-laguntza bat jasoko dute euskal literaturako obra bat gaztelania ez den beste hizkuntza batera itzultzeko eta lan hori argitaratuko duen norbait aurkitzeko. “Euskal sormen lanak Europan hedatzea eta kanpoko publikoek ere euskal literaturara sarbidea izatea” da ekimenaren helburua.
Eskaerak
Eskaerak aurkezteko epea gaur, apirilak 15, ireki da, eta hemendik hilabetera, maiatzaren 16an, amaituko da.
Horrez gain, "Itzultzaile berriak"ek, bigarren fase batean, tailer bat ere izango du zortzi itzultzaile horiekin Tabakaleran. Nazioarteko itzultzaileek euskal idazle bana izango dute bikotekide ikastaro horretan.