Azkuna Zentroan
Bilbo, forma eszeniko berrietarako ate
N.V. | eitb.eus
‘3, 2, 1’ sortzaile hasiberri eta beteranoen arteko topaketa da, eta performancearen, dantzaren eta antzerkiaren inguruko ikuspegi berria aurkeztuko du. Aurten, soinuari begiratuko dio batik bat.
Maiatzaren 27tik 30era, Azkuna Zentroa ikuskizun kolektibo, testu lan eta aurkezpen artistiko berrien agertokia izango da. Hirugarren edizioa egingo du Bilbon “3, 2, 1” Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketak.
Performancea, antzerkia, dantza, instalazioa, arkitektura galkorra… Horrelako kontzeptuek forma hartuko dute, artista eta ikuslea protagonistak diren topaketa honetan.
Sortzaile garaikideek askotariko adierazpenak partekatzeko erabiltzen dituzten jardunaldien azken edizioa izango da aurtengoa, hasieratik hala aurreikusita, eta, besteak beste, Erresuma Batuko, Herbehereetako, Suitzako, Frantziako, Italiako, Portugalgo eta Alemaniako artistek parte hartuko dute bertan.
Aurten, soinuari eta parte hartzeko proposamenei arreta berezia eskainiko die artisten topaketak.