Heriotza
Aitor Mazo aktore bilbotarra hil da
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Bilboko bere etxean hilda topatu dute, senitartekoek EiTBri jakinarazi diotenez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aitor Mazo euskal aktorea hil da ostegun honetan, senitartekoek EiTBri jakinarazi diotenez. Bilboko bere etxean hilda topatu dute 11:30 aldera, iturrion arabera.
Bilbon 1961ean jaioa, eskarmentu handiko aktorea zen Mazo, eta zineman, antzerkian zein telebistan ibilitakoa zen, bigarren mailako aktore gisa gehienetan.
Kameraren atzean ere jardun zuen Bypass (2012) eta Hodeiak Margotzeko Makina (2009) filmetan, lagun mina zuen Patxo Telleria aktorearekin batera.
Antzerkigintzan ibilbide oparoa egindakoa da Mazo. Patxo Telleriarekin eta Lander Iglesiasekin batera Txirene antzerki konpainia sortu zuen eta Torito Bravo eta Birus lanak taularatu dituzte, besteak beste.
Zinemak eta telebistak egin zuten ezagun 90ko hamarkadan. Pantaila txikian, Estatuko telebista kateetako "Querido Maestro" edo "Compañeros" telesailetan ikusi genuen. ETBko "Gernika bajo las bombas" miniserian ere aritu zen.
Zineman, Alex de la Iglesia, Julio Medem edo Emilio Martinez Lazaro zuzendaritzapean aritu zen. Azkenekoz, Pablo Maloren Lasa y Zabala eta Martinez Lazaroren Ocho apellidos vascos (2014) filmetan aritu zen.
Mazo ETBk Donostian dituen estudioetara joatekoa zen gaur, "Aitaren Etxea" telesaileko grabazioan parte hartzeko. Iruñeko Gayarre antzokiak, bestalde, bihar oholtzaratzekoa zen "La Calma Magica" antzezlana bertan behera utzi du. Duela oso gutxi "Zuek hor!!" saioan parte hartu zuen, gonbidatu gisa.
Jaurlaritza, "hunkituta"
Heriotzaren berri izan eta berehala zabaldu dira dolumin mezuak. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea "hunkituta" agertu da, aktorearen heriotzaren aurrean, eta "gizon berezia" zela eta "herrialdearen kultur errealitatearekin eta lanbidearekin oso konprometituta" zegoela esan du.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Muñozek doluminak helarazi dizkio bilbotar aktoreari: "Antzerki, zinema eta euskal kulturarentzat, galera oso handia da. Haren fisikoa, ahotsa, antzezteko modua, nortasuna. Oso gizon berezia zen, presentzia eta nortasun handikoa. Bere pertsonaien bidez, arrastoa utzi zigun".
EiTBk ere "atsekabea" agertu du heriotza dela eta doluminak adierazi dizkie senideei eta hurbilekoei. Ohar batean, ETBren hainbat proiektutan "euskal aktore bikainak" egindako lanak gogorarazi ditu Euskal Irrati Telebistak eta laster grabatzen hastekotan den "Aitaren Etxea" udazkeneko telesail berrian parte hartu behar zuela nabarmendu du.
eft: 5px;">