Heriotza
B.B. King blues gitarra-jotzaile mitikoa hil da, 89 urterekin
Agentziak | Erredakzioa
Duela 20 urtetik zuen diabetesak eragindako konplikazioen ondorioz zendu da, Las Vegasen, haren abokatuak jakinarazi duenez.
Blues musika maite dutenek dolu eguna dute gaur: B. B. King gitarra-jotzaile mitikoa hil da bart, 89 urte zituela.
Musikaria Las Vegasen (Nevada, AEB) zendu da, haren abokatuak jakinarazi duenez.
"Bluesaren erregeak" diabetesa zuen duela 20 urtetik, eta azkenaldian makal zebilen. Apiril hasieran, deshidratazioak jota ospitaleratu zuten, eta orain bi egun berriz eraman zuten erietxera. 2014ko urrian, bertan behera utzi behar izan zituen bere birako azken kontzertuak, ondoezik sentitu zelako.
Riley B. King Mississippin jaio zen 1925ean, kotoi etxalde batean. 1940an ekin zion bere ibilbide musikalari. Musikari, gitarra-jotzaile, abeslari eta konposatzailea izan zen. 50 disko baino gehiagotan, besteak beste, "Three O'Clock Blues", "The Thrill is Gone" eta "When Love Comes to Town" (U2rekin batera egindakoa) abesti ezagunak utzi ditu ondare gisa.
Gibson etxeko Lucille gitarra aldean zeraman beti. 15 Grammy sari irabazi zituen, eta blues musikarien artean beste inork hobetu ez duen marka ezarri zuen horrela. 1987an, Rock-and-rollaren Ospearen Areto eta Museoan ipini zuten haren izena.
Euskal zaleek ondo ezagutzen zuten King. Donostiako Jazzaldian 7 aldiz egon zen, 2011n azkenengoz, eta gau gogoangarria eskaini zuen.
zuen.