Iruzkina
Arrebak anaiari: 'Maite zaitut'
Begoña del Teso | Cannes
Egun, bi anai-arrebaren arteko amodiozko istorio harrigarria den 'Marguerite et Julien' da eskandalu bide, eztabaidagai eta lagunak arerio bihurtzen dituen auzia.
Urtero gertatzen da hola, eta urtero hala gertatzen delako, bizirik gaudela, bizirik, sasoian eta borrokarako prest gaudela sumatzen dugu hezur-muinetan. Urtero, Cannesek norbaiten, zerbaiten kontra edo alde izatea eskatzen digu. Bortizki eskatu ere. Eta guk, bortizki erantzun.
Egun, bi anai-arrebaren arteko amodiozko istorio harrigarria den Marguerite et Julien da eskandalu bide, eztabaidagai eta lagunak arerio bihurtzen dituen auzia. Oso aspaldiko gertaera gaurkotua dugu. Truffautek pantailaratu nahi izan zuen. Jean Gruault maisuak idatzi zion gidoia, baina ez zuten filmatu. Egun, Valerie ausartu da eta Canneseko otso beltz guztiek egin diote eraso. Eta ez, ez pentsa intzestua defendatzen duelako eraso diotenik, baizik eta pantailan agertzen diren atrebentzia miresgarriak direla zio. Eta atrebentzia horiek jartzen gaituzte gu alde. Sutsu. Bizi.
Garaiak nahasten ditu maisuki Donzellik. Garaiak. Jantziak. Soinuak. Teknikak. Bitartekoak. Musikak. Tresnak. Munduak. Paisaiak. Zaldiak. Kotxeak. Hegazkinak. Dituen erreferentzia guztiak. Ez bakarrik Truffaut. Ez bakarrik Demy. Ez bakarrik Malick. Ez bakarrik Copola (Sofia…). Ziur naiz Tim Burton eta Wes Anderson Marguerite et Julien-en alde izango liratekeela. Edo izango direla. Ziur.
Bigarren izenburu batek egiten digu dei bera, oihu bera: Miguel Gomesen As mil e uma noites. 6 orduko beste atrebentziaren alde edo kontra egin eta egon behar duzu Kosta Urdinean. Eta gu, alde. Beti. Lurrean, Portugaleko lurrean sustraiturik, hegan egiten duelako. Hegan, kantu, orro. Ironiaz gainezka. Zinemaz blai.