Klasikoen Irakurketak VIII
Sarrionandiaren 'Narrazio Guztiak' liburuaren irakurketa, Arriagan
Agentziak | Erredakzioa
Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatuta, euskal klasikoak sustatzea da helburua. Kultura, gizarte eta politikako pertsona ugarik hartuko dute parte. eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du.
Joseba Sarrionandia idazlearen 'Narrazio Guztiak' libururen irakurketa jarraitua hartuko du ostiral honetan Bilboko Arriaga Antzokiak, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatuta. Klasikoen Irakurketak jardunaldien zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta aurrekoetan bezala, Bilboko Udaleko Euskara sailaren eta Euskadiko Kutxaren babesa du. Euskara ikasleak omentzeko euskaltegiak urtero antolatzen duen festaren baitan egingo da irakurketa.
Josu Muniozguren Bilbo Zaharra Euskategiko zuzendaria, Sabin Anuzita Bilboko Udaleko euskara zinegotzia eta Pello Ugalde Euskadiko Kutxako lurralde zuzendaria egon dira irakurketaren aurkezpenean.
Klasikoen balioa aldarrikatzea da jardunaldien helburua, eta bide batez, euskaltegiko ikasleen lana eta ahalegina omentzea. Sarrionandiaren 'Narrazio Guztiak' aukeratu dute aurtengorako: liburu osoa jarraian irakurriko dute, publikoki eta ahots gora.
Aurkezpenean, Mikel Martinez aktoreak Sarrionandiaren gutun bat irakurri du. Idazleak antolatzaileei eskerrak eman dizkie bere lana aukeratuko dutelako, Bilbon euskara eta literatura zabaltzea xede duen ekitaldi baterako. Halaber, publikoki bere "egiak", normalean "ezkutuan" egon behar izaten dutenak, azaleratzea ere eskertu du idazle durangarrak. "Alde bateko zein besteko lagunak" elkartzeko borondatea eta gaitasuna ere txalotu ditu Sarrionandiak.
12 orduz jarraian
Goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00ak arteko irakurketa izango da, 12 orduz jarraian. Sarrionandiak berak ekingo dio irakurketari; liburuaren lehendabiziko lerroak irakurriko ditu, eta bideoz erakutsiko dute.
Ondoren euskaltegiko 200 bat ikaslek, eta kultura, gizarte eta politika munduko beste 200 bat lagunek hartuko dute lekukoa, banan bana.
Besteak beste, Ibon Areso Bilboko Alkateak, Jose Luis Bilbao eta Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko jarduneko ahaldun nagusiak eta nagusigaiak, hurrenez hurren, Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidenteak edota EHUko eta Deustuko Unibertsitateko hainbat irakaslek hartuko dute parte irakurketan.
Mundu osoko 16 euskal etxetako ordezkariek ere irakurriko dute 'Narrazio Guztiak' klasikoa. Horien irakurketak bideoz grabatuko dituzte, eta Arriaga barruan nahiz kanpoan jarriko dituzten pantaila handietan erakutsiko dituzte.
Hitzaldi zikloa
Bestalde, eta urtero bezala, Bilbo Zaharra Euskaltegiak hitzaldi zikloa ere antolatu du, aukeratutako liburuarekin lotura duena. Hala, Sarrionandiaren lanaren inguruan gogoeta egiteko hamar hitzaldi antolatu ditu euskaltegiak; idazleak eta politikoak gonbidatu dituzte.
Ekainaren 2an, 3an eta 4an izango dira solasaldiak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Besteak beste, Bernardo Atxaga, Aiora Jaka edota Jose Enrique Urrutia idazleek, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Karmelo Landa politikari eta irakasleak hartuko dute parte hitzaldietan.
Bilboko Metroko San Nicolaseko geltokian, berriz, ekainaren 8ra arte, erakusketa jarriko dute, azken zortzi urteotako irakurketetako irudiekin.
eitb.eus webguneak zuzenean eskainiko du, streaming bidez, irakurketa osoa.
rakurketa osoa.