Itxi

Zierbena

Kuatonarioko ugaztunen euskal aztarnategi zaharrena aurkitu dute

Agentziak | Erredakzioa

EHUko eta Ikerbasqueko ikertzaile talde batek Euskal Herrian inoiz aurkitu den Kuaternarioko ugaztun aztarnategi zaharrena topatu du, Bizkaian.

Duela 400.000-600.000 urtekoak dira aurkitutako hondarrak

Asier Gomez-Olivencia buru duen ikertzaile talde batek 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran egindako indusketa batzuen emaitzak aztertuta ondorioztatu duenez, felino sable-hortzak, jaguarrak eta beste ugaztun batzuk Punta Luceron bizi izan ziren; aztarnategia duela 400.000 eta 600.000 urte artekoa da.

Punta Luceron aurkitu zituzten hondarrak, Bilboko superportuaren inguruan, 1989an, baina orain arte ez dituzte bertan egindako azterketen emaitzak ikertu. Orain, Euskal Herrian eta kantauriar isurialdean ezezaguntzat ematen ziren hainbat espezie bertan bizi izan zirela erakutsi dute.

Euskal Herrian bizi zirela jakina ez zen ugaztun hauen artean, felino sable-hortza (Homotherium latidens), europar jaguarra (Panthera Gombaszoegensis) eta otsoaren arbaso zaharra (Canis mosbachensis) daude.

Horiekin batera, beste espezie batzuen hondarrak ere bazeuden: errinozeronte batena, bi oreinena, orein erraldoi batena, behiaren familiako hainbat abelburu erraldoirena eta azeri batena.

Aztarnategia tranpa naturala zen, eta hainbat animalia bertan jausi eta hil ziren, idatziak dioenez. Quaternary Science Reviews aldizkariak publikatu duen ikerketan esaten denez, seguru asko Punta Lucero mendiaren behealdeko sima txiki bat zen toki hori orduan. Erdi Pleistozenokoa dela ondorioztatu dute teknikariek, irizpide biokronoligkoak aplikatuz; hartara, gutxienez 400.000 urte eta gehienez 600.000 urte ditu.

1987an aurkitu zuen aztarnategia Iñaki Libano palontologiazale bizkaitarrak, eta 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran egin zituzten indusketa lanak. Geroago, baina, suntsitu egin zuten tokia, harrobia baitzen.

Azterketa Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu du, eta Asier Gomez-Olivenicak zuzendu du.