Antzerki klasikoa
Cervantesen 'entremesak' Erriberriko jaialdiari hasiera emateko
Agentziak | Erredakzioa
Antzerki klasikoa jorratzen duen jaialdi nafarrak gaur, hilak 17, abiatuko du hamaseigarren edizioa, eta abuztuaren 2ra arte egongo da ikusgai.
Erriberriko Antzerki Klasikoko Jaialdiaren hamaseigarren ekitaldiak gaur ekingo dio aurtengo ibilbideari, eta horretarako Cervantesen ‘entremesak’ taularatuko dituzte Urrezko Mendeko idazlearen obra agerian jartzeko asmoz.
"Entremesak" 22:30ean izango dira Erriberrin. Antzezlanak beste hiru obra labur gehiago izango ditu: 'La cueva de Salamanca', 'El viejo celoso' eta 'El retablo de las maravillas'. Landa-eremuan girotuta dauden istorio komikoak izateaz gain, Cervantesen obrari omenaldia egiteko aitzakia dira, Yolanda Osés Nafarroako Gobernuko Hedapen Artistiko Saileko buruak prentsaurrekoan azaldu duenez.
Aurkezpen-ekitaldian, Emi Ecay Nafarroako Antzerki Eskolako zuzendari akademikoak, Carmelo Gómez aktore espainiarrak eta Ana Murugarren zinema-egile nafarrak ere parte hartu dute.
"Entremesak" antzezlana José Luis Gómez du zuzendari, eta El Teatro de la Abadía zentroak ekoizten du. Iaz jaialdian aritu ziren hainbat aktore biltzen dira bertan, eta horiekin batera honako hauek ere errepikatuko dute: José Hernández margolaria (eszena-espazioa), Luis Delgado (musika) eta Juan Gómez Cornejo eta María Luisa Engel (argiak eta jantziak, hurrenez hurren).
Sarrerak 18 euroan erosi ahalko dira leihatilan; Interneten bidez, ordea, 15 euroan. Gazte-txartela izanez gero, sarrerek 10 euro balioko dute leihatilan, eta 6 euro Interneten.
Halaber, Erriberriko topaketaren barruan eta abuztuaren 2ra arte, besteak beste, askotariko ikastaroak, mintzaldiak eta mahai-inguruak izango dira, baita antzerkigintzarekin lotutako beste hainbat ekitaldi ere.
Artea eta zinemagintza
Jaialdiko eskaintza osatzeko honako beste jarduera hauek ere egongo dira: "Ikusi edo ez ikusi. Cervantesen Obra Harrigarrien bidez egindako bidaia" maisu-eskola (Emi Ecay eta Carmelo Gómez); "Nola egiten da film luze bat?" tailerra (Ana Murugarren eta Joaquín Trincado); GRISOk antolatutako Antzerki Klasikoaren IV. Jardunaldiak, "Emakumea eta emakumeen boterea Urrezko Mendeko antzerki espainiarrean"; eta "Eszenako sorkuntza dramatikoaren tailerra: aktore-narratzailearen teknika" (Alfredo Sanzol, Andrés Lima eta Ana Maestrojuan).
Murugarrenek zinemaren gainean eskainiko duen maisu-ikastaroaren barruan hainbat gai jorratuko dira. Gidoiaren nondik norakoei buruz hitz egiten ekingo dio eta pelikula nola merkaturatu behar den azaltzen bukatuko du; tartean, beste gai hauek ere landuko ditu: finantzaketaren bilaketa, preprodukzioa, kokapenak, aktore-hautaketa, talde teknikoa, filmaketa, postprodukzioa eta zinta zinema-aretoetara eramatea. Ikastaroan izena emateko, 150 euro ordaindu behar dira, eta leku mugatuak ditu.
Gaur egindako agerraldia aprobetxatuta, Murugarrenek zinemagintzako bere azken lana aurkeztu du: La Higuera. Ramiro Pinillaren eleberriaren egokitzapena da, Murugarrenek berak egindakoa. Une hauetan, proiektuari finantzaketa falta zaio gauzatu ahal izateko. Zuzendariak adierazi duenez, "zati bat Nafarroan filmatzea gustatuko litzaieke" proiektua bultzatzen dutenei.