Itxi

Donostia 2016ko dirulaguntzak

Donostia 2016: 20.160 euro ehun arte-ekintza alternatibo egiteko

KA (Kultura Alternatiboa) plataformaren proposamenak jaso du Energia-olatuak programaren 20.160 euroko bigarren laguntza.

Kultura alternatiboa eta oinarritik sortutakoa bultzatzera bideratutako 100 ekintza artistiko; horixe da KA (Kultura Alternatiboa) plataformak aurrera eramango duen ekimena Energia-olatuak programaren barruan jaso duen 20.160 euroko dirulaguntzarekin. Aipatutako programa hori Donostia 2016k jarri du martxan, herritarrei euren kultur ekimenak gauzatzen laguntzeko, hain zuzen ere.

Hautatua izan den proiektua mota askotako 100 ekintza artistiko garatzean datza, xede izanik KA plataforma ezagutaraztea eta beronen helburuak sustatzea. Ekintzok 2016. urtean zehar egingo dira. Badira zortzi hilabete baino gehiago KA plataforma martxan jarri zenetik, eta egun 100 artista eta 30 eragile kultural baino gehiago barne hartzen ditu.

Ausaz aukeratutako donostiarrek osatzen duten Ardora batzordeak aukeratu du proiektua, herritarrek pasa den bi hilabeteetan aurkeztutako hogeita hemeretzi proposamenen artean.

2.016 euroko babesa jasoko duten beste bost proiektu

Bestalde, 2.016 euroko laguntza jasoko duten bost proiekturen laugarren tanda bat hautatu da. Ekainean herritarrek eta irabazi asmorik gabeko elkarteek modalitate horretan aurkeztu zituzten hogeita lau proiektuetatik, honako hauek lagunduko dira diruz: "Arteak eta euskal diaspora", "Neskameei buruzko dokumentala", "Arte Efímero Urbano", "TeatralMente. Antzerkian Txokon" eta "Itsas Zaborra Out".

Proiektu gehiago jasotzeko deialdia

Uztailaren 1etik 31ra bitartean, herritarrek eta irabazi asmorik gabeko elkarteek irekita daukate proposamenak bidaltzeko epea. Aurreko aldian bezalaxe, edonork eska ditzake 2.016 €-ko zein 20.160 €-ko laguntzak. Komeni da gogoraraztea proiektuak nahi adina aldiz aurkez daitezkeela; hilabete batean proiektua hautatua izan ez bada, hurrengo hilabeteko deialdian berriz bidal daiteke.

Albisteak (2)