Zinemaldia
Zortzi film luze aurkeztuko dira Zinemaldiko Zinemira sailean
eitb.eus
EITB
Zinemira euskal zinemari eskainitako saila da, eta Donostia Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute eta EiTBren babesa du.
Donostia Zinemaldiaren 63. edizioak zortzi film luze aurkeztuko ditu Euskal Herrian ekoitzitako zinemari buruzko Zinemira sailean. Mundu mailako lau estreinaldi eta aurten ekoitzitako beste lau lanek osatzen dute eskaintza hori.
Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko aukera dute lau estreinaldi hauek, eta baita horien ekoizpenaren % 20 gutxienez Euskal Herrikoa duten eta mundu-mailako aurkezpena Zinemaldiaren edozein sailetan egin duten lanek ere. Epaimahai berezi batek hautatuko du Irizar sariaren irabazlea. Film horren ekoizleek 20.000 euro gordin jasoko dituzte.
Zinemiran aurkeztuko diren filmak
Zinemira euskal zinemari eskainitako saila da, eta Donostia Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute, Irizar enpresaren eta EiTBren babesarekin eta Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE) eta IBAIA Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearekin lankidetzan.
Aurtengo Zinemira sailean, film hauek izango dira ikusgai: Lara Izagirre zinemagilearen Un Otoño Sin Berlin; Jorge Fernández Mayoral, Pablo Tosco, eta Pablo Iraburu Allegueren District Cero; Josu Martinezen Gure Sorlekuaren Bila; Gorka Bilbaoren Jai Alaia Blues; Carlos Rodriguezen #Jazzaldia 50; Sam Marti Orti zinemagilearen Pos Eso; Olivier Masset-Depasseren Sanctuaire; eta Pablo Iraburu Allegue eta Migueltxo Molina Ayestaran zinemagileen Walls (Harresiak).
Zinemira Saria
Karmele Soler makillatzaileak jasoko du aurten Zinemira Saria, Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek euskal zinemagintzaren pertsona ospetsu baten lan-ibilbidea aitortzeko ematen duten saria. Euskal Zinemaren Galan emango da Zinemira Saria, irailaren 22an, Victoria Eugenia antzokian, Lara Izagirreren Un otoño sin Berlín filmaren lehen emanaldiarekin batera.
ETBk babestutako filmak
Zinemaldian egongo diren filmen artean, ETBk babestutako hainbat pelikula nabarmenduko dira. Aipatzeko modukoa da, bereziki, iaz bezala, euskaraz grabatutako film luze bat Sail Ofizialean egongo dela: iaz Loreak arrakastatsua izan genuen eta Asier Altunak zuzendu eta Txintxua Filmek ekoitzitako Amama izango dugu aurten Zinemaldiko Sail Ofizialean.
Azpimarragarriak dira, bestalde, Zabaltegin aurkeztuko den helduentzako animaziozko Psiconautas, Pedro Riverok eta Alberto Vazquezek zuzendutako lana, eta Culinary Zinema sailean izango diren bi dokumental: Sagardoa Bidegile (Bego Zubiak zuzendu eta Elhuyarrek eta Pixelek ekoitzitakoa) eta Zeharbidean. Ekinaren sena, Mugaritz (Ixok ekoitzi eta Pep Gatellek zuzendutakoa).
Horrez gain, ETBk Zinemiran emango diren hainbat filmetan parte hartu du: Euskal Zinemaren Galan emango den Lara Izagirreren Un Otoño sin Berlín; Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren Walls (Harresiak); Josu Martinezen Gure Sorlekuaren Bila; Gorka Bilbaoren Jai Alai Blues; Sam Orti Martiren Pos Eso; Olivier Masset-Depasseren Sanctuaire; eta Carlos Rodriguezen #Jazzaldia50.
Bestalde, eta urtero legez, aurrestreinaldi garrantzitsu bat eskainiko du ETBk: hain zuzen ere, Aitaren Etxea telesaila aurkeztuko dute Victoria Eugenia antzokian, irailaren 23an. Jabi Elortegik zuzendu eta Pausokak ekoitzitako lan hau 1950. urte inguruan dago girotuta, eta euskal aktore garrantzitsuek hartzen dute parte bertan. Aurtengo udazkenerako Euskal Telebistak prestatu duen fikziozko apustu garrantzitsua da Aitaren Etxea.
Aurten Donostia Zinemaldian ikusgai izango diren dozena bat ekoizpenen atzean dago ETB.
Euskal Zinemaren Irizar Saria
Euskal Zinemaren Irizar Saria jasotzeko izendatutako filmak honako hauek izango dira: Amama, Asier Altuna (Sail Ofiziala); Gure Sorlekuaren Bila, Josu Martínez (Zinemira), Jai Alai Blues, Gorka Bilbao Ramos (Zinemira): Un Otoño sin Berlín, Lara Izagirre (Zinemira); Pikadero, Ben Sharrock (Zuzendari Berriak); Psiconautas, Alberto Vázquez eta Pedro Rivero (Zabaltegi); eta Walls (Harresiak), Pablo Iraburu Allegue eta Migueltxo Molina Ayestarán (Zinemira).