Itxi

FOLK JAIALDIA

Estrella Morente, Getxo Folken lehen eguneko protagonista nagusia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Oskorri taldeak Getxo Folk jaialdian eskainiko du bere agur kontzertuetan lehendabizikoa, irailaren 6an, 20:00etan.

Estrella Morentek gaur 21:00etan eskainiko du kontzertua, Getxon.

Getxoko XXXI. Nazioarteko Folk Jaialdia hasi da, Estrella Morente flamenko kantariaren kontzertuarekin. Areetako Geltokia plazan izango da emankizuna, 21:00etatik aurrera, eta abeslari andaluziarrak Autorretrato diskoan oinarritutako kontzertua eskainiko du bertan. Lan horretan, besteak beste, habanera eta Karibeko doinuekin uztartzen ditu flamenkoa.

Jaialdiaren lehen eguneko musika egitaraua Vrienden Asturiasko taldearen saioarekin (Geltokia plazako aparkalekuan, 19:00etan) eta kaleko banden desfileekin osatuko da, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez.

Vrienden taldeak ere, folk doinuak erdigunean jarrita, musika estilo ezberdinak uztartuko ditu kontzertu berean, musika-tresna akustiko tradizionalak erabiliz, batez ere.

Bestalde, Oskorri taldeak Getxo Folk jaialdian eskainiko du bere agur kontzertuetan lehendabizikoa, irailaren 6an, 20:00etan.

Beste ekitaldi batzuk

Kontzertuak ez ezik, Getxo Folk BBK jaialdian beste hamaika jarduera ere izango dira, ikus-entzuleen gozamenerako. Hala, Gune Solidarioan, Areetako Geltokia plazan, gobernuz kanpoko hainbat erakundek eta beste elkarte batzuek euren lanak eta proiektuak emango dituzte ezagutzera, eta Bidezko Merkataritzako produktuak egongo dira salgai.

Ohi bezala, hainbat herrialdetako eskulanak gerturatzen dituen Munduko Eskulangintza Azoka (Areetako Geltokia plaza) ez da faltako Getxon. Azkenik, Munduko Terrazan, plazaren ondoko aparkalekuan, hainbat kulturatako jakiak dastatzeko aukera izango da; besteak beste, Filipinetakoak, Boliviakoak, Marokokoak, Argentinakoak, Mexikokoak eta Senegalgoak.

Albisteak (1)