Irailaren 20tik 25era
Bardea, Europako mapa turistikoan, 'Game of Thrones' telesailari esker
I.L / Erredakzioa | eitb.eus
Telesailaren zein zati grabatuko duten jakinarazi ez badute ere, inguruko herrietan talde teknikoko 300 bat pertsona daude.
Game of Thrones-ek, azken hamarkadako telesail arrakastatsuenak, Europako mapa turistikoan kokatuko ditu Errege Bardea, irailaren 20tik 25era seigarren denboraldia grabatuko baitu Nafarroako natur parke horretan.
HBO, telesailaren telebista-kate sortzailea, dagoeneko hasi da denboraldi berriko eszenak grabatzen; Gironan, hain zuzen ere. Dirudienez, El Barri Vell Braavosen hiria izango da.
Bardeako Parke Naturalari dagokionez, erdi-basamortu horrek oso egokia dirudi Daenerys Targaryenekin, 'herensugeen erregina'rekin, lotutako zatiak grabatzeko. Hala balitz, ezin dugu baztertu etorkizunean Castildeterran edo Amildegi Handian gizaki mitologikoak ikustea.
800 gizonezkok eta emakumezkok parte hartuko dute filma grabatzeko lanetan, estra moduan. Gutxienez 1,75 eta 1,7 metroko altuera, hurrenez hurren, itxura "mediterraniarra" eta, "kulturista izan gabe", egoera fisiko ona izatea eskatu zieten hautagaiei.
Natur parkearen inguruko herrietan dagoeneko 300dik gora pertsona daude, telesailaren talde teknikokoak. Filmatzeko lanak ikusmin handia piztu du bertako herritarren artean, baina orain arte ez da ia informaziorik zabaldu horren inguruan.
Eragin turistikoa
Telesailean agertu ostean Bardeara turista gehiago etortzea espero dute, Nafarroan antzeko beste kasu batzuetan gertatu den bezalaxe. "Gertuen dagoen eremuan nabarituko dela espero dugu, Erriberan. Garrantzitsua da denon inplikazioa, bertako enpresa eta zerbitzuena, jarduera horrek ekonomian eragina izan dezan", adierazi du Maitena Ezkutari Nafarroako Gobernuaren Turismo eta Merkataritza zuzendariak.
Aipatu iturrien arabera, Foru Gobernuak 13 udalerritan garatu duten Zinemaren Ibilbidearen bigarren fasea sustatu nahi du. Ekimen horren helburua Nafarroan grabatutako 23 pelikularen kokalekuak bisitariei erakustea da, tartean Ocho apellidos vascos, Las Brujas de Zugarramurdi eta Patton lanak grabatzeko erabilitakoak. Kokaleku bakoitzean kartel bat jarri dute, eta, errealitate areagotuaren bidez, filmaren zatiak ikus daitezke, horiek grabatu ziren lekuan bertan.
Dolores Redondoren Baztan trilogiari esker, eleberrian aipatzen dituen leku esanguratsuenak bisitatzeko ibilbideak antolatu dituzte, eta ibarrean jaso duten turisten kopuruak gora egin du. "Baztanaldeko herritarrek badakite trilogiari esker jende andana etortzen dela. Ostalaritza eta merkataritza enpresetako eragin zuzenaz gain, bada zenbaezina den beste eragin bat, Baztanen izena asko zabaldu delako", Maite Ezkutariren esanetan.
Deskarga marka
Inoizko telesail onenetakotzat dute Game of Thrones, George R.R. Martinen fantasia generoko A song of Ice and Fire best seller famatuetan oinarritutakoa. Urrezko Globoa eta 15 Emmy sari jaso ditu, eta horren bosgarren denboraldia 170 herrialdetan eman dute.
Legez kanpo gehien deskargatu den telesaila izan da hirugarren urtez jarraian; izan ere, TorrentFreak.com webgunearen arabera, 8,1 milioi aldiz deskargatu zuten 2014an.