BAD
Hamabi estreinaldi, Bilboko dantza eta antzerki garaikideko jaialdian
Agentziak | Erredakzioa
Asteazkenetik, urriak 21, azaroaren 1era, BAD Bilboko jaialdiak zortzi estreinaldi, euskal sormen lan berriak eta nazioarteko taldeen ikuskizunak eskainiko ditu.
BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiak edizio berri bati ekingo dio asteazkenean, hilak 21, BilbaoArten gorputzari eta dantzari buruzko dokumental saio bat eskainiz. Azaroaren 1era arte, hamabi estreinaldi eskainiko ditu jaialdiak.
Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, BADen “euskal sormen berria eta nazioarteko konpainien lana” izango da nagusi, BilbaoArten, Mesedeetako kaian, Rekalde aretoan, La Fundicionen, Muelle 3en, Bilborrocken eta Garabia Zawpen. Gainera, “kalean” ere egongo da zer ikusi, antolatzaileen hitzetan.
Guztira, hamabi estreinaldi eta jaialdiaren parte-hartzea duten lau koprodukzio programatuko dituzte.
Proposamenen artean, nazioarteko hainbat izen ospetsu daude: Federico Leon argentinarra, Ana Borralho eta Joao Gante portugaldarren konpainia, Cecilia Bengolea eta François Chaignaud… Lehenengoz, BADek Matxalen Bilbaoren dantza garaikideko lan bat estreinatuko du: “L’Autre/Bestea”.
Urriaren 22an hasiko da programazio eszenikoa, La Fundicionen eta Mesedeetako kaian. Coletivo Qualquer taldeak “Gag” dantza ikuskizuna taularatuko du, eta Natxo Montero bilbotar dantzari eta koreografoak “Barbecho” dantza eta antzerkia uztartzen dituen lana erakutsiko du.