Abenduaren 4tik aurrera
Gipuzkoak 17.000 kultura bonu kaleratuko ditu
Agentziak | Erredakzioa
Liburu eta ikus-entzunezkoak erosteko 30 euroko balioa izango duten 20 euroko 7.000 bonu eta ikuskizunetarako sarrerak erosteko 40 euroko balioa izango duten 25 euroko 10.000 bonu kaleratuko dituzte
Gipuzkoako Aldundiak 220.000 euroko diru ekarpena erabiliko du abenduan kultura bonua martxan jartzeko. Guztira 17.000 bonu jarriko dituzte salgai: 7.000, liburu eta ikus-entzunezko produktuak erosteko; eta 10.000 gehiago, ikuskizunetarako sarreretan erabiltzeko.
Denis Itxaso Kultura eta Kiroletako foru diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, “Gabonetara begira, kulturako BEZaren igoera nolabait konpentsatu eta herritarrek, kultura gaiak kontsumituz, disko eta liburu dendei, antzokiei eta, oro har, Gobernu Zentralak egindako egoeraren ondorioak gehien pairatzen dituztenei laguntzea” da helburua.
Itxasoren hitzetan, 7.000 bonu liburuak eta ikus-entzunezko materialak erosteko erabili ahalko dira. Herritarrek 20 euro ordaindu beharko dituzte horrelako bonu bakoitzeko, baina 30 euroko balioa izango dute. Gainera, euskarazko produktuen kontsumoa sustatzeko, bonuen erdiak euskarazko materialak erosteko izango dira.
Halaber, ikuskizunetako sarrerak erosteko erabili ahalko diren 10.000 bonu ere egongo dira eskuragai. 25 euroko prezioa izango dute antzerki, dantza eta musika ikuskizunetako sarrerak erosteko 40 euroko balioa izango duten txartelek.
Kultura diputatuak azaldu duenez, bonuak erosteko kanpaina abenduaren 4an hasiko da, eta saltoki txikietan banatzeko asmoa dute, “kanpaina saltoki handietan ez oinarritzeko”.