Ekitaldia Bruselan
Bizikidetzaren aldeko apustua azpimarratu du Donostia 2016k
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eneko Goia, Pablo Berastegi eta Xabi Paya Bruselan izan dira, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan prestatutako egitarau zabala aurkezteko.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak bere kultur programa aurkeztu du ostegun honetan Bruselako Arte Ederren Zentroan, jende askoren aurrean, tartean, eurodiputatuak, erakundeen ordezkariak, gizarte eragileak eta Belgikako komunikabideak.
Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari orokorrak esan duenez, proiektuaren goiburua "elkarrekin bizitzea" da, eta helburu du "balioan jartzea kulturak jokatzen duen papera elkarbizitza hobeagoa eraikitzeko tresna gisa".
"Elkarrekin bizitzea ezberdin pentsatzen, otoi egiten, maitatzen edo hitz egiten dutenekin bizitzea da. Batzuetan ez dakigu, ez gara gai sentitzen, edo ez gaude prest elkarrekin bizitzeko. Uste dugu zeregin horretan kulturak guztia errazten duela. Herritarren partaidetza ezinbestekoa izango da proiektua Donostiatik haratago zabaltzeko", azaldu du.
Halaber, Xabier Paya kultur egitarauaren zuzendariak azaldu du urtarriletik abendura Donostiak 400dik gora kultur proposamen eskainiko dituela, "adin guztientzako, gainera".
"2016n, erakusketak, kontzertuak, antzerkia, musika, dantza, literatura eta gastronomiak tartea izango dute 500 artistatik gorako programa baten baitan", adierazi du Payak.
Gainera, Donostia "esperientziaren sukalde" bihurtuko dela esan du, "eguneroko elkarbizitzan sortzen diren gatazkak konpontzeko asmoz".
Horrez gain, Donostiako alkate Eneko Goiak bere hitzaldian azpimarratu du Donostiak eta Euskal Herriak beste hiri eta lurralde batzuekiko zerbait ezberdina badaukate, "beren hizkuntza, kultura eta, azken batean, identitate propioa" dela. Goiak espero du Donostia 2016k "urteko 365 egunetan egitarau zabala" eskainiko duela eta, horri esker, hiria bisitatzen duen edonork Donostia "kontinente osoari argia emango dion itsasargi bat bezala" ikustea nahi du.
Aurkezpenaren ondotik, arratsaldean, Pablo Berastegi, Xabier Paya eta Eneko Goia Monsera joan dira, 2015eko Europako Kultur Hiriburura, non, bertako alkate Elio di Rupok, ekintza sinboliko baten bitartez, Hiriburutzaren lekukoa eman dion Eneko Goiari, Donostiara eraman dezan.
Programa Londres eta Bruselan aurkeztu eta gero, Donostia 2016 Europako hainbat tokira joango da proiektua zertan datzan azaltzera eta programazioaren gehiengoa ezagutzera ematera. Horretarako dozena bat nazioarteko aurkezpenek osatutako agenda bat prestatu dute, 2015eko azaroan hasi eta 2016ko martxora arte iraungo duena, eta Bartzelona, Bordele, Pilsen, Madril, Wroclaw eta Berlin barne hartuko dituena.
artuko dituena.