Azaroak 20-22
Marrazki, istorio eta binetek biziko dute Getxo asteburuan
Agentziak | Erredakzioa
60 salmenta postu zabalduko dituzte Areetan, Getxoko Komiki Azokaren hamalaugarren edizioan. Juan Gimenez egile argentinarra eta Zulet umorista grafikoa omenduko dituzte aurten.
Getxoko Komiki Azokak hamalaugarren ekitaldia ospatuko du ostiraletik, hilak 20, igandera bitartean, eta bisitariek 60 salmenta postu aurkituko dituzte erakusketa eremuan: komiki dendak, liburu denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak…
Merkataritza gunearekin batera, beste jarduera ugari izango dira eta, hiru egunetan zehar, "binetaren munduarekiko zaletasuna dutenak nahitaez biltzeko puntua izatera iritsiko da Getxo", antolatzaileek aurkezpenean adierazi dutenez.
Ohikoa denez, Getxon artista ospetsuak bilduko dira, eta hitzaldi eta aurkezpenetan ez ezik, sinatze ekitaldietan ere parte hartuko dute: Eric Reynolds istoriogile eta Fantagraphics argitaletxeko zuzendaria, Dave Cooper "Futurama" telesailaren estetikaren arduraduna, Johnny Ryan marrazkigilea...
Horiei guztiei Peter Milligan britainiarra gehitu behar zaie, mainstream komikiaren gidoilari famatuenetakoa, baita Jessica Abel ere. Azken hori feminismoa komikiaren munduan islatzen erreferentea da.
Juan Gimenez eta Zulet
Zaleek Juan Gimenez eskarmentu handiko artistarekin hitz egiteko aukera ere izango dute Bizkaiko udalerrian. Izan ere, egile argentinarrari eta Zulet umorista grafikoari omenaldia egingo diete, beren ibilbidea saritzeko.
Juan Gimenezen irudia, "Viento del norte" lanean
Egile gonbidatuen zerrenda honako hauek osatzen dute, besteak beste: Max, Daniel Torres, Albert Monteys, Juanjo Sáez, Mauro Entrialgo, Luis Bustos, Matt Madden, Ana Oncina, Pepo Pérez, Javier de Isusi, Javier Olivares eta Santiago García Komikiaren Sari Nazionalaren irabazleak…
Erakusketak
Erakusketei dagokienez, azokako karpan aurtengo omenaldian protagonista izango diren artistei dedikatutako bi erakusketa izango dira. Halaber, Intermón-Oxfam GKEaren "Viñetas de vida" izeneko erakusketa ikusteko aukera izango dute bisitariek, bai eta Komikigintzako Espainiako Sari Nazionala irabazi duten Javier Olivaresen eta Santiago Garcíaren "Las Meninas" eleberri grafikoaren ingurukoa ere.