Aurkikuntza garrantzitsua
Labar-grabatu berriak topatu dituzte Aitzbitarte leize-zuloetan
E. Lotina | eitb.eus
Aro ezberdinetako labar-figura berriak aurkitu dituzte Errenteriako kobetan. Hiru bisonte eta dozena erdi animaliaren grabatuak topatu dituzte, baina azken horiek kontserbazio egoera txarrean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Landarbaso zonaldean bi aurkikuntza zientifiko garrantzitsuren berri eman du gaur Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak. Aitzibitarte III, V eta IX leize-zuloetan labar-grabatu berriak topatu dituzte, Errenterian, foru erakundeak agiri batean azaldu duenez.
Era berean, Julen Mendoza Errenteriako alkateak, Javier Busselo Felix Ugarte Elkarteko espeleologoak eta Diego Garate Maidagan (Arkeologi Museoa Bilbao) eta Joseba Rios Garaizar (CENIEH, Giza Garapenaren Ikerketa Zentro Nazionala, Burgos) arkeologoek prentsaurrekoan parte hartu dute.
Bi aldi ezberdinetako labar-figurak aurkitu dituzte leizeetan: Gravetiense Aitzbitarte III eta IXean (duela 28.000-20.000 urtekoak) eta Erdi Madeleine aldia (duela 14.500-12.500 urtekoa) Aitzbitarte Ven.
Hala, iragan irailean hiru bisonte irudi topatu zituzten arkeologoek eta espeleologoek Aitzbitarte Veko paretetan. Gainera, Aiztbitarte IIIko zulo batean gutxienez dozena erdi animaliaren grabatuak aurkitu zituzten, baina kontserbazio egoera txarrean, bakarren bat baita kaltzita koladaz estalirik ere.
Besteak beste, arrokaren koska bat aprobetxatuz zaldi baten burua irudikatu zuten arbasoek leizean. Aitzbitarte IXko trazu fineko panel marradun bat ere goraipatzeko modukoa da. Bertan bisonte baten muturra, adarrak eta konkorra ikustatu daitezke.
Bisonte bat. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Sinbolismoaren eta artearen hastapenak
Artearen eta sinbolismoaren hastapenak aztertzeko orduan, Euskadi eta Gipuzkoa lurralde garrantzitsuak direla bistan uzten du aurkikuntzak. Goi Paleolitoan gizakien mugikortasuna eta elkarrekintzak ulertzeko baliagarria izan daiteke.
Leizearen hormen gainean egindako grabatuak dira silex lanabesen bidez, baita atzamarrekin ere, pareten buztinaren gainean. Animaliak irudikatu nahi izan zituzten, eta leize-zuloetan figura gehiago egotea litzatekeena da.
Felix Ugarte Elkartea, Antxieta Taldea eta Munibe Taldea
Azken aurkikuntzak egiteko, Felix Ugarte Elkartea, Azpeitiko Antxieta Taldea eta Azkoitiako Munibe Taldearen lana goraipatu du Itxasok prentsaurrekoan.
Arkeologoak eta espeleologoak. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Aitzbitarte IV eta Aitzbitarte III-IX leize-zuloetako labar-figurek garrantzia zientifiko handia dute. Landarbaso bezalako haitzulo sistema ezagun batean aurkikuntza egitea harrigarria dela uste dute adituek. Aspaldi Aitzbitarte IVean aurkikuntza arkeologiko oso garrantzitsuak egin zituen talde batek, J.M. Barandiaranen zuzendaritzapean. 2011an, Jesus Altuna zuzendutako beste talde batek figura gehiago topatu zituen Aitzbitarte IIIn.