Elkarrizketa: Pablo Berastegui
'Donostia 2016 ondare txiki asko uzteko katalizatzailea izango da'
Maider Beistegi | Donostia | EITB.EUS
"Gogoeta piztuko duen programa" defenditu du Donostia 2016ko zuzendari nagusiak. Babesle gehiago lortzeko eta ekimen adierazgarrienekin 2016tik haratago jarraitzeko lanean ari direla aurreratu du.
Denborak kezkatzen du gehien, eta hala uzten du agerian ia erantzun guztietan. Denboraren akuilua sentitzen du. Izan ere, heltze prozesu luzeko egitasmoa izanda ere (2008tik-2018ra), denbora halabeharrez joan da, eta inaugurazioa ate-joka dago. Pablo Berastegui (Iruñea, 1968) Donostia 2016ko zuzendaria, baina, lasaiago ari da lanean, duela hiru urte eta erdi Europar Batzordeak Donostia Europako Kultur Hiriburu izendatzea erabaki ondoren ireki zen krisia itxi izanaren lasaitasunaz, alegia. Gauza gehiago egiteko eta egitasmoari gehiago eskaintzeko denbora falta izan zaiola uste du. Erlojupekoa hasi da, eta azken metroak garaiz egiteko ezin atsedenik hartu.
Donostia 2016ren egoitzan hartu gaitu Berastegik, orain hiru urte arte Donostiako suhiltzaileek erabiltzen zuten eraikinean. Suhiltzaileen aspaldiko egoitzan, 70 laguneko lantaldea ari da programazioari azken ukituak ematen.
Zer da Donostia 2016: erronka, arriskua edo erantzukizuna?
Erronka pertsonala da, erantzukizuna du nire karguaren arduragatik, eta egitasmoak arriskua ere badu, Donostia 2016k Kultura Hiriburu izateko beste modu bat adierazi nahi duelako. Aurretik ibili gabeko bidea da, horrek bere zailtasuna du, herritarrek ulertu ezina ekar dezakeelako.
Inoiz esan duzu tristea izango zela Donostia 2016 heltzea eta Chillida-Leku itxita izatea…
Chillida-Leku espazio magikoa zela eta herritar bezala gune horri konponbidea ematea ona izango zela uste nuen. Halaber, irekita zegoen negoziazioan muturra sartu nahi ez nuela esan zuen. Orain, proiektua Chillida-Lekutik at dagoela uste dut. Tamalez, gunea irekitzeko akordiorik ez da iritsi, baina hori gure arduretatik kanpo dago. Familiaren eskaintza oso eskuzabala izan da; gunea erabili ahal izango dugu proposamen konkretuekin, kanpotik datozen bisitariei lekua erakutsiz. Ekintza zehatzak egiteko lanean ari gara.
Lan handiko hilabeteak izan dira. Zein da azken hilabete hauetako balantzea?
Proiektu hau 2008an abiatu zen eta 2018an amaituko da. Hamarkada bat ohiz kanpoko epea da, kultur proiektuak azkar kontsumitzeko sortu ohi direlako. Horren ildoan, hainbat fase ditu: programa aurkeztu baino lehenagoko kontzientzia hartzea, programaren lerro nagusiak prestatu, programa aurkeztu, irabazi, eta nola kudeatu antolatzen hasi. Azken fase horretan iritsi nintzen, hau da, edukiaren zehaztasun fasean, aurkezpen publikoan, ekoizpenarenean eta proiektua martxan jartzeko unean.
Intentsitate handiko urtea izan da, esperientzia berria eta aberasgarria izan da. Proiektu honen zimenduak ondo errotuta zeuden. Nire lana eraikina planoak jarraituz eraikitzea izan da. Proiektua nire egin dut, baina nire egitetik amore emanda.
Denbora izan da arazoa. Proiektuak gai eztabaidagarriak, polemikoak, lantzen ditu eta horrek ikuspuntu anitzak izatea ekarri du eta hori ona izan da. Horrek guztiak, baina, aparteko zailtasuna sortu du. Nire ustez, hori da hain zuzen proiektu honen handitasunetako bat; zailtasunak gainditu eta aurrera egiteko duen gaitasuna. Gertatu dena da batzuetan nahi baino astiroago joan dela eta orain garaiz heltzeko aparteko estresa dugula.
Programa ezagutzen joan ahala herritarren urruntzea eta hoztasuna epeldu al da?
Herritarrak lasaiago daude orain proiektuarekin. Zarata handia izan da une batzuetan, eztabaida gehiegi. Eta, Donostia2016ri, kalte egin dio horrek. Ekimena zehaztearekin batera, eta enpresek bat egitearekin batera, ulertzeko modua aldatu da. Balioekin, komunikatzeko zailagoak diren kontzeptuekin, lan egiten duen egitasmoa da.
Bestalde, beste Kultura Hiri batzuei ere gauza bera gertatu zaie; inaugurazio aurreko hilabeteetan herritarrak urrundu egiten dira, dagoeneko luze hitz egin delako proiektuaz. Gainera, jendeak dena jakin nahi du horrelako ekimen baten inguruan, eta gauza asko ezin ditugu aurreratu.
Zergatik?
Prozesu luze baten ondoren mamitzen diren ekitaldiekin lan egiten dugulako; zenbaitetan emaitza hilabete batzuen ondoren etorriko da. Besteetan, informazio gehiago ez emateko aholkatzen digute. Horregatik guztiarengatik, askotan ez da ulertu. Konfiantza kontua ere bada: 'Primavera Sound' bezalako musika jaialdi handi batek ez ditu zertan kartel buruak aurreratu. Guri dagokigunez, sarrerak salgai jarri aurretik programa guztia zehaztasun handiz ezagutaraztea exijitzen ari zaigu.
2016k Kultura jarriko du gizartea aldatzeko tresna gisa. Zelan egingo duzue?
EBko Kultura ministroek egin zuten adierazpen bateratuan esan zutenez, "Kulturak espirituak irekitzeko eta tolerantzia, kulturen arteko elkarrizketa, integrazioa, eta desberdinen arteko errespetua bultzatzeko ekarpen erabakigarria egin behar du".
2016ri dagokionez, ekitaldi bakoitza maila desberdinetan deskodifika daiteke. Ekitaldi bat ikusi ondoren, adibidez, emaitzarekin gera zaitezke; alegia, gustatu zaizun edo ez, edo zer pentsa jarri ahal zaitu, edo ikuskizun horretan parte hartu ahal duzun herritarra izan zaitezke.
Shakespearen Uda-gau bateko ametsa Ahotsen itsasargiko egitasmorik garrantzitsuenetakoa da...
Ekimen honen sortze prozesuak gure egitasmoaren kezkekin zerikusia dauka. Testua gaurkotu egin dugu eta gaur egungo kezkak taularatzen ditu. Aurkezpena hainbat hizkuntzatan egingo dugu, teknika digitalari esker. Euskarazko itzulpena herritarren parte-hartzearekin egin dugu. Horregatik, ikusleak maila askotan uler dezake. Izan ere, ez dugu soilik programa erakargarri bat nahi, irakurketa sakonagoak bilatu ditugu.
Zein izan dira kezka nagusiak?
Bi kezka zeuden proiektuan lanean hasi nintzenean: garaiz helduko ote ginen eta proiekturik ote zegoen. Nik uste orain inork ez duela zalantzan jartzen edukirik ote dagoen. Orain, gehiago eskatzen digute. Beldur horiei aurre egiten ari gara eta edukiaz gozatzeko eta egindako lanak merezi izan duela ikusteko unea iritsi da.
Frantzian izan zineten, Parisko atentatuak izan eta astebetera..
Kanpora ateratzen garenean ohartzen gara gure proiektuari harrera ona egiten zaiola. Frantzian izan ginen, atentatuak izan eta astebetera, eta Donostia 2016k bultzatzen dituen hausnarketak kulturatik egitea egokia iruditzen zaiela esan ziguten.
Maila pertsonalean, ostera, neketsua da, bidaiatzen ari zarelako eta etxean lana pilatzen zaizulako. Oraindik leku asko gelditzen zaizkigu: Madril, Bilbo, Polonia, Bordele eta Berlin.
Zein izan da zailtasunik handiena?
Alde batetik, oso aberasgarria izan da nik pentsatu ez dudan proiektu batean lan egitea. Erantzukizun maila txikiagoa izan da, eta, aldi berean, uste dut ekarpen gehiago egin nezakeela, baina ez dut aukerarik izan. Denbora gehiago izatea nahiko nuke, gauza gehiago egiteko.
Zein da Donostia 20016ren baloreak hobeto jasotzen dituen ekitaldia?
Nire ustez, ekitaldirik txikienak dira. Hainbat laguni (Esther Ferrer, Anjel Lertxundi eta Jone San Martin) 'Gutun zuria' eman diegu nahi duten programa osa dezaten. Hiriko kultur ordezkari nagusiekin batera hartutako erabakia izan da eta lan egiteko modu hori da Donostia 2016ren arima.
Beste batzuk aipatzearren, 'eta hik zer?' eta 'Dance 2gether' aipatuko nituzke. Ekimen txikiak dira, baina hainbat lagunengan aldaketa handia ekarriko dituztenak. Bestalde, inaugurazio ekitaldia oso garrantzitsua izango da, gure baloreak zabaltzeko erakusleihoa izango delako. Ez dugu horrelako beste aukerarik izango Donostia 2016 munduratzeko. Mota honetako ikuskizunetan eskarmentu handia duen artista batekin (Hansel Cereza) lanean ari gara.
'Bake-ituna' Donostia 2016 proiektuaren muina da
Anbizio eta neurri handiko proiektua da. Artearen historian indarkeria eta bakea irudikatzeko erabilitako moduei buruz jardungo da, eta 2013 eta 2016 artean hainbat ekintza garatuko dira: ikerketa-programa bat, erakusketak, ekoizpen espezifikoak, mintegiak, sorkuntza laborategiak eta argitalpenak. Elkarbizitzarako Kultura izeneko gure lemaren testuinguruan, bakearekin nahiz gerra eta indarkeriarekin lotutako gaiak arte-irudiek duten indarretik abiatuta landuko dira.
Danborrada ere berezia izango da…
Danborraden arduradunekin lan egin dugu, Donostiak urtarrilean biziko dituen bi une garrantzitsu horiek batzeko. Poloniak guk baino astebete lehenago egingo du inaugurazioa, eta milaka haur poloniarrek Danborradarekin bat egingo dute streaming bidez. Keinu polita izango da, eta guk ere zerbait egingo dugu eurekin maiatzean.
Baliabideei buruz hitz egin dezagun: babesle gehiago izango al dira?
Baliabideak mugatuak dira beti. Babesle gehiago lortzeko atea irekita dago. Nik uste nuen garrantzitsuagoa zela herritarrak irabaztea eta normalizazio horretatik abiatuta errazagoa izango zela enpresek gure proiektuarekin bat egitea. Nik uste nuen hori zela egin beharreko bidea; arreta deitzea, berriro herritarren babesa sentitzea, eta, gero, errazagoa izango zela aparteko baliabideak lortzea, gure patronatuko administrazioek jarritako ekarpen garrantzitsua genuela jakinda. Zailena, denboraren kudeaketa izan da, erlojuaren kontra lan egitea. Programa zehaztu behar duzu lehendabizi, programa zehaztuta errazagoa delako babesleak eta baliabideak aurkitzea. Baliabideak izanda, komunikazioa eta hedapen aberastu ditzakezu. Dena aldi berean egin behar izan dugu guk.
Ekarpenen eta aliatuen bila jarraitzen dugu. Gainera, zenbait proiektu garrantzitsu 2016tik haratago jarraitzeko asmoa dugu.
Zein izango da 2016ren ondarea? Zer utziko dio 2016k Donostiari 2017ko urtarrilaren 1ean?
Kultur ekoizle izanda, nire eskarmentutik proiektuari ekarpena egiteko beharra ikusi nuen. Pentsatu nuen gizarte justuago, zuzenago, berdinago eta giza eskubideekin errespetuzkoagoa lortzen laguntzerik banu, egin beharra nuela.
Ziur naiz hiriarentzat, lurraldearentzat eta kanpokoentzat oso erabilgarriak izango diren ikastaldi asko geldituko direla. Zenbait kasutan, ez dute kulturarekin zerikusia izango. Hiria eta ingurua esfortzu handia egiten ari dira euren nortasunaz berriz hausnartzeko, zerbitzu hobeak eskaintzeko. Adibidez, hiriak bulego bakarra jarri du martxan espazio publikoetan egiten diren ekimenak kudeatzeko.
Donostia 2016 ondare txiki asko uzteko katalizatzailea izango da. Maila artistikoan, ostera, lan egiteko beste modu batzuk sortuko dira eta hainbat ekimenek jarraituko dute.