Itxi

WASHINGTON

Euskal kultura izango da gonbidatu Smithsonian Folklife Festivalen

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Uztailaren hasieran Washingtonen egiten den jaialdi sonatuan, aurten, euskal kultura erakutsiko da, bi astez, milioi bat lagunen aurrean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal kultura izango da gonbidatu Smithsonian Folklife Festival 2016 jaialdian, Washingtonen, eta bi astez erakutsiko dira euskal kultur produkzioak eta euskal ekonomiaren lorpenak, milioi bat lagunen aurrean, uztailaren hasieran.

Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Leihakortasunerako sailburuak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru ahaldun nagusiek, eta Michael Mason Smithsonian Folklife Festival jaialdiko zuzendariak aurkeztu dituzte, gaur, Tabakalereran, ekimenaren xehetasunak. Johh Garamendi AEBetako Kongresuko kideak ere hartu du parte aurkezpenean.

Estatu Batuetako kultur eta ikerketa erakunde handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da Smithsonian. "19 museok, bederatzi ikerketa-zentrok eta parke zoologiko nazional batek elkarrekin osatutako altxorra da Smithsonian, eta zuekin partekatu nahi dugu", esan du Masonek.

Euskal diasporaren eskariari erantzunez erabaki dute aurten Euskadi gonbidatzea.  Kulturaren eta ekonomiaren arteko nahasketa, eta horien atzean dauden baloreen erakusleiho bat da jaialdia, antolatzailearen arabera.  Euskaldunen "sorkuntza eta berrikuntza maila erakusteko aukera ezinobea" dela nabarmendu du Masonek.

Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek elkarlanean antolatuko dute Washingtonera eramango duten produkzioa.

'Nazioartekotzea, helburu'

Euskal kultura milioika lagunen aurrean erakusteaz gain, Ameriketako merkatuan euskal enpresentzat harreman-komertzial berriak bilatzeko aprobetxatuko dute hitzordua Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, Tapiaren hitzetan. Energia, automozio, aeronautika eta turismo sektoreetako enpresentzat negozio-bide berriak zabaltzea da helburua, besteak beste, "nazioartekotzean urrats berriak emateko".

Garamendirentzat ere, aukera paregabea izango da, euskal kulturaren eta ekonomiaren aberastasuna munduan zabaltzeko, eta erakundeen arteko zubi berriak eraikitzeko.

Txina, Mexiko eta Kanada izan dira aurreko edizioetan gonbidatutako herrialdeak. Ekitaldi handi honetan parte hartuko duen Europa hegoaldeko lehenengo kultura izango da euskalduna.

Bideoak (1)