Antzerkia
'Uda gau bateko ametsa', Arriagan
eitb.eus
Shakespeareren heriotzaren laugarren mendeurrenean, Pablo Viarrek zuzendutako ekoizpen propioa taularatuko du Bilboko antzokiak apirilaren 6, 7, 8, 9, 13, 14, 15 eta 16an, euskaraz eta gaztelaniaz.
Bilboko Arriaga Antzokian galtzak bete lan ari dira, denboraldi honetako ekoizpen propio garrantzitsuena apirilaren 6tik 16ra bitartean eszenara eramateko: Uda gau bateko ametsa.
Antzezlana Pablo Viarrek zuzentzen du (“El Caserío”…), eta antzeztaldean aurpegi ezagun asko daude: Itziar Lazkano, Gurutze Beitia, Karmele Larrinaga, Joseba Apaolaza, Mikel Losada, Antonio Rupérez, Lander Otaola…
Apirilean, zotzi emanaldi eskainiko dituzte, bi astez jarraian, asteazkenetik larunbatera, hilaren 6, 7, 8 eta 9an, eta 13, 14, 15 eta 16an. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira, apirilaren 13koa eta 14koa izan ezik, egun horietako emanaldiak goizez izango baitira, 11:00etan.
Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez
William Shakespeareren lan klasikoaren emanaldietara joango direnek testuaz gaztelaniaz eta euskaraz gozatzeko aukera izango dute. Gainera, pasarte batzuetan antzezleek ingelesa ere erabiliko dute. Edozein kasutan ere, ikus-entzuleek inolako arazorik gabe jarraitu ahal izango dute antzezlana, testu osoa euskaraz eta gaztelaniaz azpidatzita egongo baita, Antzokitik esan dutenez.
San Joan gau batean kokatzen du Shakespearek komedia hau, irudimenezko Atenasen dago girotuta, eta, bertan, Teseo dukeak Hipolitarekin ezkontzeko falta diren orduak kontatzen dituen bitartean, mespretxatzen dituztenak maite dituzten eta maite dituztenak mespretxatzen dituzten gazte batzuen maitasun gorabeheren berri ematen dute, sorginkeriaz betetako baso sorgindu batean.
Sarrerak 7 eta 18 euro arteko prezioan eros daitezke.