Apirilak 6-10
Tolosako Topicek 2016ko Europako Museoen sariketa hartuko du
Agentziak | Erredakzioa
Topaketa apirilaren 6tik 10era egingo dute, eta 216 biltzarkide eta 97 museoren ordezkariak batuko dira.
Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak Europako Museoen sarien 39. edizioa hartuko du apirilaren 6tik 10era. Europako Museoen Foroak banatzen ditu golardoak, Europako Batzordearekin batera.
Denis Itxaso Gipuzkoako Kulturako foru diputatuak, Idoya Otaegui Topicen zuzendariak, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eta Olatz Peon Tolosako alkateak aurkezpen prentsaurrekoan esan dutenez, hitzordu hau “aukera bikaina” da museoen etorkizunaz, berritzeko beharraz eta zereginez “sarean” hausnarketa egiteko.
Gainera, Gipuzkoako museoei Europako beste zentro batzuekin “harremanak eta lankidetzak” ezartzeko aukera ere emango diela esan du Itxasok. Halaber, hausnarketa hori “egiteko” dutela nabarmendu du, lurralde historiko horretako museoen politikak “bultzada berria behar baitu”.
Horren haritik, autokritika eginez esan duenaren arabera, ireki zenetik lau urte joan diren honetan, Gordailua Gipuzkoako ondarearen zentroak, adibidez, “ezin du oraindik ondarea zabaldu, sustatu eta gordetzeko lana bete”, nahiz eta, hain zuzen ere, horixe egin beharko lukeen.
97 museo
Bestalde, Muñozek adierazi du topaketa profesional honek “elkar ezagutzeko eta, gizarteari horrenbeste ematen diotenez, museoen inguruan une oro zabalik beharko lukeen elkarrizketa sustatzen laguntzeko” balioko duela.
Peonek eta Otaeguik aletu dutenez, bestalde, topagunean 216 biltzarkidek eta 27 herrialdetako 97 museoren ordezkariak egongo dira.