Golardoa
Ignacio Arangurenek jasoko du Vianako Printzearen Saria
N.V. | eitb.eus
Irakaslea eta Navarro Villoslada Institutuko antzerki tailerreko zuzendaria da Aranguren, eta maiatzaren 28an jasoko du saria, Erriberrin.
Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek Vianako printzearen 2016ko saria Ignacio Aranguren irakasleari ematea ebatzi dute gaur egindako bileran.
Aranguren Navarro Villoslada Institutuko antzerki tailerreko zuzendaria izan da 35 urtez, eta, denbora horretan guztian, beren ikasleek denetariko antzerkigileen lanak taularatu dituzte: Bertolt Brecht, Alarcón, Valle-Inclán, Buero Vallejo, Gala, Goldoni, Jardiel Poncela, Quevedo, Shakespeare, Aristófanes, Mihura, Arthur Miller, Arniches, Tolstoi, Molière… Nonahi erakutsi ditu bere lanak Arangurenek, gainera: Almagron, Madrilen, Sagunton, Grenoblen, Bruselan eta Angleseyn, besteak beste.
Epaimahaiaren arabera, “bere tailerretik pasatu diren 1.000 ikasleekin baino gehiagorekin eginiko lanak nazioarteko aitormena jaso du, arte dramatikorako zaletasuna erein du eta publiko kritikoa sortzen lagundu du”.
Ikasle horietako asko, antzerki munduko profesional bilakatu dira gero: aktoreak, teknikariak, irakasleak, gidoilariak, zuzendariak… Besteak beste, Francisco Giner de los Rios Irakaskuntza arloko Berrikuntzako saria ere jaso du, beste irakasle batzuekin batera zentro arteko antzerki tailer bat sortzeko proiektua bultzatzearren.
Gayarre Iruñeko antzokiaren agertokiaren atzealdean hasi zen Arangurenen eta antzerkiaren arteko maitasun istorioa, bertan tresnen arduradun gisa lanean eskarmentua hartu zuenean. Gero, El Lebrel Blanco taldean aritu zen.
Saria emateko ekitaldia maiatzaren 28an izango da, Erriberriko Errege Jauregian, eta bertan ez da Espainiako Errege Etxeko ordezkaririk egongo; azken hogei urteetan, ohikoa izan da bertako ordezkariak han izatea. Saria emandakoan, Kultura Zuzendaritza Nagusia Arangurenekin lankidetzan arituko da, haren lana zabaltzeko.